Focus Home Interactive PC eta kontsoletarako FPSa prestatzen ari da ekainerako. Jokalariek mertzenario baten kontrola hartuko dute bertan.

Martxoan iragarri zuen Games Workshopek bere Warhammer 40.000 frankiziako hurrengo bideo-jokoa izango dena. Hain zuzen ere, tiro jokoa prestatzen ari dira oraingoan: girotze aparta duen Necromunda: Hired Gun abentura ikusgarria garatzen ari dira Focus Home Interactivekin elkarlanean. Orain trailer berri batekin xehetasun gehiago eskaintzera etorri dira.

Izenak adierazten duen bezala, Warhammer 40K-ren jarraitzaileek ondo ezagutuko duen Necromunda hiria bisitatuko dute jokalarien bertan. Mertzenario baten kontrola hartuko dute gaizkileak harrapatzen (eta akatzen, frankiziak biltzen duen biolentzia kopurua ezaguna baita) dituzten bitartean.

Mertzenario honen itxura guztiz aldatzeko aukera egongo da Hired Gunen. Helburuak lortuta altxorrak, armak eta gehiago eskuratuko dituzte pertsonaia hobetzen joateko. Mugikortasuna benetan esanguratsua izango da hemen: Doom Eternalen antzera jauzi bikoitza, hormetatik lasterka aritzea eta gantxoa ezinbestekoak izango dira bizirik jarraitzeko. Arerioak akatzen jarraitzeko txakur zibernetiko baten laguntza ere edukiko dute mertzenarioek.

Hasieran aipatu bezala, jokoaren atal grafikoa benetan nabarmentzekoa da. Arduradunek Warhammerreko etorkizun iluna itxura ezin hobeagoarekin irudikatzen ari direla aitortu beharra dago: girotzea aparta izango da, eta hori lortzeko argi dago argiztapenari garrantzia handia eskaintzen ari zaiola. Kokaleku erraldoi zein beldurgarriak bisitatuko dituzte beraz jokalariek abentura honetan.

Ez da garatzaile honek Warhammerrerako lan egiten duen lehen aldia. Space Hulk: Deathwing prestatu zuten 2016an; kasu honetan ere atal estetiko harrigarria lortu zuten estudiokoek.

Necromunda: Hired Gun laster jokatu ahalko da: ekainaren 1ean merkaturatzea aurreikusten dute garatzaileek. PC, PS5, PS4, Xbox Series eta Xbox One plataformetarako prestatzen ari dira.