Uztailaren 27an estreinatuko da PC eta kontsoletan. PS4rako eta Switcherako froga iragarri dute Square Enixekoek.

Hil ala biziko jokoa proposatzera dator berriz The World Ends With You bere jarraipenarekin hamahiru urteren ondoren. Estreinatzeko gutxi falta da, eta beraz JRPG berezi honek bilduko dituen mekanika eta ezaugarri guztiak ezagutzera emateko trailer sakona prestatu dute Square Enixeko arduradunek.

Lehen jokoan egin bezala, NEO: The World Ends With You-ko benetako protagonista Tokioko Shibuya auzo ezaguna izango da. Bertan Reapers’ Game hilgarrian murgiltzen dira zorigaiztoko bizilagun batzuk noizbehinka: jokoan Rindo eta bere lagun Fret gazteen kontrola hartuko dute jokalariek.

Hainbat misio gainditzea izango da helburua Reaperren jokoan aurrera egin ahal izateko. Munstro koloretsuei aurre egin beharko zaie denbora errealean biziko diren borroketan biltzeko egongo diren intsignia bereziek eskainitako ahalmenekin: suzko erasoak, ezpata magikoak eta askoz gehiago erabili ahalko dira horiei esker.

Shibuya Japoniako modaren gune garrantzitsuenetako bat izanik, erropek sekulako protagonismoa edukiko dute. Saltokietan erositako jantziek armadura bezala funtzionatuko dute, eta energia berreskuratzeko jatetxeetara joan beharko dira protagonistak eta beraien adiskideak.

Guzti honek zure arreta erakartzea lortu badu, doako frogarekin gozatzeko aukera izango duzu gaurtik hasita. PlayStation 4 eta Nintendo Switch kontsoletarako demoa izango da, eta bertan Reaperren jokoaren lehen bi egunak biziko dira. Doako frogan egindako aurrerapen guztiak joko osora igaroko dira hori erosiz gero.

NEO: The World Ends With You uztailaren 27an merkaturatuko dute japoniarrek. PS4ra eta Switchera iristeaz gain, PC-ko bertsioa ere egongo da Epic Games Store saltoki digitalean.