Asasinoak, kartak eta ziztu bizian gainditu beharreko erronkak proposatuko dizkigu. Xbox Game Pass harpidetzatik joka daiteke.

Tiro joko berezien zaleak harrapatzea lortu duen Neon White Xboxera dator azkenik: Annapurna Interactive argitaletxeak eta Xboxek uztailaren 11n kaleratuko dutela iragarri dute ofizialki.

Joan den urteko ekainean aditzera eman zuten Xboxeko bertsioa, baina ordutik hona ez dugu berriz entzun. Angel Matrix estudioaren titulua PCtik zein PlayStation eta Switch kontsoletatik igaro da lehenago, ikaragarrizko balorazioak lortuta.

Shooter generoaren baitan proposamen interesgarria dakar Neon Whitek. White izeneko asasinoarekin jokatuko dugu: infernutik ibiliko da misio desberdinak gainditzen. Erronka hauek speedrun kutsua edukiko dute; hau da, ahalik eta azkarren gainditzera gonbidatzen gaitu jokoak, maila bakoitzaren sekretuak eta lasterbideak ikasiz.

Tiroketetan ibiliko gara, bai, baina berezitasunekin. Arima kartak erabiliko ditugu ia edozein ekintza gauzatzeko: pistolak tirokatzea, jauzi egitea eta bestelakoak ahalbidetuko dizkigute.

Karta sorta egokia osatzea eta kudeatzea izango da helburuetako bat; izan ere, hauei esker —baita gure trebeziari ere— mailak are azkarrago bukatzeko bideak desblokeatuko ditugu. Zehatzak eta bizkorrak izan beharko gara, baina plataforma atalak ere ikusiko ditugu gainera.

Xbox One zein Xbox Series gailuetan jokatu ahalko dugu Neon Whiten. Ez hori bakarrik: Xbox Game Pass harpidetzan gehituko dutela adierazi dute Microsoft-ekoek. Uztailaren 11tik aurrera aurkituko dugu, esan bezala, Xboxen saltokietan.