“Entretenimentu interaktiboarekin gauza gehiago egiteko” asmoa agertu dira. Apple Arcaden erako plataforma eratu nahi dute.

Bideo-jokoen zerbitzua sortzeko lanean ari da Netflix, The Information hedabideak ezagutzera eman duenez. Dirudienez, streaming zerbitzu ezagunak bideo-jokoen alorreko ekimenak bideratuko dituen exekutiboa kontratatzeko bidea hasi du.

Horretarako industriako adituen artean bilatzeari ekin diola aldarrikatzen du The Informationek. Ez hori bakarrik, dagoeneko zer nolako zerbitzua eratu nahi duten argi daukatela diote: Mac eta Iphonen jabeek sortutako Apple Arcade bezalako plataforma sortu nahi dute Netflixekoek.

Telesail eta filmeen streaming zerbitzuarekin egin modura, bideo-jokoak eskainiko dituen plataforma berriak ez luke inolako iragarkirik eskainikoGamespot webgunearekin hitz egin dute Netflixekoek, “entretenimentu interaktiboarekin gauza gehiago egiteko” gogoa agertuta.

Netflixen erabiltzaileek “maite dituzten istorioetan modu zuzenagoan murgiltzea gustoko dutela” aipatu dute honen jabeek. Hori ahalbidetzeko hainbat proiektu kaleratu dituztela diote.

Alde batetik Bandersnatch edota You v. Wild bezalako ikus-entzunezko interaktiboak nabarmendu dituzte, baina bideo-jokoetan bilakatu diren telesail eta film propioak ere: Strangers Things eta La Casa de Papel telesailetan oinarritutako bideo-jokoak argitaratu dituzte, besteak beste. Hori horrela, proiektu interaktiboetan sakondu nahi dute etorkizunean.

Bideo-jokoen industrian parte hartzeko asmoa aspalditik dator Netflixen aldetik. Gamespotekoek nabarmendu dutenez azken hamar urteetan hainbat saialdi egin dituzte, bideo-jokoen plataforma digitala abian jartzearen zailtasunak aipatuta eta guzti.