Azken hilabeteetan euskara Interneteko plataformetan sustatzeko ekimen ugari agertu dira eta hausnarketa egin nahi dugu.
Argazkiaren iturria: Netflix euskaraz
Larunbatean Netflix Euskaraz egitasmoak agerraldi publikoa egin zuen Durangon. Euskaltzale asko batu zituzten bertan, baita helburu berdina duten beste egitasmoak, ofizialki eratutakoak edota norbanakoek osatutakoak. Game Erauntsia Elkarteak ere beraien mezuarekin bat egin nahi du euskarazko aisialdiaren afera ikus-entzunezko tradizionaletatik harago doalako eta gure ildoa diren bideo-jokoak ere barneratzen dituelako.
Orain dela aste batzuk honen inguruan eztabaidatzen ibili ginen Disney Plus Euskaraz eta BIEUSE elkarteko ordezkariekin egindako mahai inguruan. Bertan hainbat ondoriotara iritsi ginen, esaterako, instituzio publikoek zeresan handia dutela euskara plataforma digitaletan bermatzeko orduan.
Horretaz jardun zuen Netflix Euskaraz egitasmoak Durangon eta zuzenean Euskal Herriko alderdi politiko eta erakunde publikoei zuzendu zen. Momentu garrantzitsu batean gaudela gogoratu zuten kongresuan estatu mailako Ikus-entzunezko Lege Orokor berri bat eztabaidatzen ari direlako. Lege horrek halabeharrez hizkuntza aniztasuna jaso behar du euskararen biziraupena eta euskarazko edukiei sarbidea bermatzeko. Streaming plataformetan hizkuntza ofizial guztietan izan beharreko eduki kuotak zehaztu eta bermatzea eskatu zuten.
Agerraldiaren antolatzaileek egoeraren larritasunaren berri eman zuen «amildegiaren ertzean» gaudela adierazita. Gure kontsumo ohiturak aldatu direla azpimarratu zuten, eta hori egia da, baina euskararen hutsunea betidanik nabarmena izan dela gehitu nahi genuke eta bideo-jokoen kasuan, are eta handiagoa.
Aldi berean hainbat egitasmo desberdin sortu izana positiboa dela uste dugu, kasuan kasu Netflix Euskaraz, Disney Plus Euskaraz, guk burutako Twitchen euskara streaming hizkuntza gehitzeko #3000Twitz kanpaina edota Game Erauntsia bera, euskarazko bideo-joko gabezia dela-eta sortutakoa. Guztiek xehetasun eta ezaugarri desberdinak dituzte baina helburua berdina da: euskara gure aisialdian bermatzea.
Horregatik prest gaude horrelako herri ekimenekin bat egiteko eta batera lan egiten hasteko. Arazoa ez delako plataforma batera mugatzen eta indarrak batuta gure mezuaren oihartzuna handiagoa izango delako.
Netflix Euskaraz egitasmoaren Durangoko ekitaldi publikoan honakoak bildu ziren: Netflix Euskaraz, Euskaltzaleen Topagunea, Euskalgintzaren Kontseilua, UEMA, Tinko Euskara Elkartea, Disney Plus Euskaraz, BIEUSE, IBAIA, NAPAR, Euskal Hedabideen Behategia, Hekimen, UEU, EHE (Euskal Herrian Euskaraz), AEK, TOKIKOM. Horretaz gain Euskal Encodingsek eta Game Erauntsiak atxikimenduarekin bat egin dugu.
Agerraldi osoa:
Iruzkinak