Estetika, interfazea eta jokagarritasuna mantenduko ditu, baina borrokak lehen pertsonako ikuspegian biziko dira.

Fallout frankiziak 25 urte bete ditu. Hori ospatzeko, New Blood indie estudioak ez du sagako atal berririk aurkeztu, baina bai honen omenaldia eta jarraipen espirituala izango den proiektua. Oraindik izenik gabe, Bethesda-ren joko klasikoetako CRPG oinarriak hartuko dituen titulua ezagutzera eman du garatzaile estatubatuarrak.

Bideo motz baten bidez iragarri dute bideojokoa. Argi geratzen da: Fallout klasikoen mekanikak, atal estetikoa eta beste hainbat elementu mantenduko ditu. Hori lortzeko, gainera, artista ezagunekin batu dira New Bloodekoak. Hasteko eta behin, Fallouten hainbat mod prestatzeagatik ezaguna den Alexander Berezin artista errusiarrarekin lankidetza iragarri dute: bera arduratuko da bideojoko berriaren arteaz.

Bestalde, soinu bandarako Mark Morgan musikagilearen laguntza jasoko dute. Fallouten zaleek ondo ezagutuko duten izena da, obra klasikoen musika sortu zuen artista baita Morgan.

Jokagarritasunari dagokionez, CRPG klasikoen bidea jarraituko dute garatzaileek. Ikuspegi isometrikoa, erabakiz betetako hizketaldiak eta txandakako borrokak izango dira nagusi hemen. Borroketan, baina, Fallout zaharrengandik aldendu nahi dutela nabarmendu dute; izan ere, lehen pertsonako ikuspegira igaroko gara dueluak abiatzerakoan. Ikuspegia aldatuko den arren, mekanikak ohikoak izango direla dirudi.

Argitaratze data zein plataformak zehaztu gabe geratu dira garatzaileak: “Noiz iragarriko da eta noiz jokatu ahalko da? Denbora luze batez ez behintzat“, diote Twitterren.