Nintendo 64an kaleratutako abenturaren jarraipena izango da. Nintendo Switchean estreinatuko da.

Pasa den urteko ekainean Nintendok eta The Pokemon Companyk New Pokemon Snap iragarri zuten. Argazkilaritza eta Pokemon sagako jokoak batzen dituen abentura berezi honen argitaratze data baieztatu dute: apirilaren 30ean estreinatuko da.

Iragarpena trailer berri batekin egin dute, berritasunak azaltzeko aprobetxatuta. Lental eskualdea bisitatuko dute jokalariek abentura honetan; helburua, Nintendo 64ko jatorrizko jokoan bezala, pokemon basatien argazki ederrak ateratzea izango da. Eskualdea hainbat uhartez osatuta egongo da: basamortuak, hondartzak, mendiak eta basoak ikusi daitezke bideoan.

Lentaleko pokemonek berezitasun bat izango dute. Illumina deituta, batzuetan piztiek argi egingo dute. Mirror irakasleak eskatuta jokalariek gertakari hori ikertu beharko dute argazkiak aterata. Pokemonek elkarri eragingo diote naturaltasunez jokatuta, eta argazkilarien lana izango da une berezi horiek bilatzea. Ez hori bakarrik, gauza zehatzak eginda gertakari bereziak eragin eta sekretuak aurkitu daitezke.

New Pokemon Snap Nintendo Switcherako estreinatuko da.