Photodex gailua osatzeko jostagarritasunari buruzko xehetasunak eta argazkiak editatzeko aukera erakutsi dituzte sakontasunean bideoetan.

Nintendo 64rako argitaratutako Pokemon Snapen jarraipena argitaratzear dago: New Pokemon Snap egun batzuk barru estreinatuko da Nintendo Switcherako. Bideo-jokoaren azken ezaugarriak ezagutzera emateko asmoarekin N Handiak zein The Pokemon Companyk trailerrak zabaltzeari ekin diote.

Lental eskualdean ariko dira argazkilari birtualak oraingoan. Bertan ingurugiro desberdinak bisitatuko dituzte jokalariek: basoak, basamortuak, sumendiak edota itsasoa esploratuko dute ibilgailu gainera igota. Honek aurretik zehaztutako ibilbideak jarraituko ditu, nahi bezala mugitzea ezinezkoa izanik; halere, ibilgailuaren eskanerrari esker kokaleku bakoitzean ibilbide desberdinen artean aukeratu daiteke.

Hori horrela, ibilbide berriak desblokeatu eta argazkiak ateratzeko are pokemon gehiago bilatzea izango da jokoaren helburu nagusietako bat. Modu horretara photodex izeneko gailua argazkiz beteko dute jokalariek. Argazkiei esker maila bakoitza bukatzerakoan puntuazioa emango du jokoak: pokemonei argazki hobeak aterata are puntu gehiago eskuratu ahalko dira.

Objektu desberdinak erabilita pokemonak erakarri eta horiengan erantzun eta animazio desberdinak lortzea posible izango da, argazkien kalitatea areagotzea lortuta horrela. Nabarmentzekoa da Ilumina deitutako ezaugarria: fenomeno berezi honen ondorioz izaki batzuek argia egingo dute. Argazkiak ateratzea aitzakia aparta izango da kasu horietan.

New Pokemon Snap apirilaren 30ean kaleratuko da Nintendoren kontsola hibridorako.