Prince’s Edition azpitituluarekin kaleratuko dute, bi DLC gehituta. Bandai Namcoren JRPGa PCan eta PS4an estreinatu da aurretik.

Orain hiru urte argitaratu zuen Bandai Namcok Studio Ghiblirekin elkarlanean sortutako Ni no Kuniren jarraipena. Revenant Kingdom Hayao Miyazaki zinemagilearen estudioaren laguntza gabe egin bazen ere, Ghibliren estetika hori mantentzen jarraitzen du atal grafiko zoragarria osatzeko. Orain Nintendo Switcheko jokalariek horretaz gozatzeko aukera edukiko dute.

Irailaren 17an merkaturatuko dute japoniarrek JRPG abentura honen bigarren atala kontsola hibridorako. Ni no Kuni II: Revenant Kingdom – Prince’s Edition izenpean egingo du, eta hainbat eduki gehigarrirekin iritsiko da Switchera. PCko eta PS4ko jokalariek obra argitaratu eta denbora batera jaso zituzten The Lair of the Lost Lord eta The Tale of a Timeless Tome DLCak, baina Switchekoek kartutxoan izango dituzte hasiera batetik.

Hasiera batean Bandai Namcok ez du zehaztu jokalari europarrek fisikoan erosi ahalko duten Switcherako, baina horrela izango da: formatu fisikoan zein digitalean salduko dute Nintendoren kontsolako bertsioa.

Esan bezala, Ni no Kuni IIk ez zuen Studio Ghiblirekin elkarlanik izan, baina halere animaziozko estudio japoniarrean lan egindako artistak izan ziren jokoaren garapen prozesuan. Horien artean daude Chihiroren Bidaia edota Ipurtargien Hilobia filmeetan lan egindako Yoshiyuki Momose animatzailea edota soinu bandaz arduratu zen Joe Hisaishi musikagile ezaguna.

Switcheko bertsioa heldu aurretik Ni no Kuni II: Revenant Kingdom PCan eta PlayStation 4an kaleratu zuen Bandai Namcok.