Plataforma borroka erako norgehiagokak proposatuko ditu. Udazkenean plataforma nagusi guztietan jokatu ahalko da.

Nickelodeon etxetik Super Smash Bros. ezagunaren klonak garatzen jarraitu nahi dute. Nickelodeon All-Star Brawl 2rekin animazio telesailetako pertsonaia mordoa bilduko dituzte elkarren artean saltoka eta kolpeka aritzeko: Avatar, azken aire maisua sarituko Aang, Ninja Dortoka Gazteak, Bob Belaki edo Garfield katua aurkeztu dituzte GameMill Entertainment argitaletxea prestatzen ari den bideojokoan.

Lehen atalean sortutako oinarriak eta mekanikak eraberritzea eta hobetzea da arduradunen asmoa. Horrela, mugimenduak, animazioak, efektuak eta bestelakoak zaharberritzen dabiltza, zaleen kexei erantzunez.

Bi jokoen bideoak alderatu baino ez ditugu egin behar hobekuntzez jabetzeko. Grafikoki aldaketa txikiak baina nabarmenak inplementatu dituzte garatzaileek; pertsonaia desberdinek jatorrizko bikoizlarien ahotsak izango dituzte hasieratik —hauen hutsunea asko kritikatu zen lehen tituluan— ; kokaleku gehiago prestatu dituzte, 20 guztira; roguelike elementuak dituen kanpainaz gozatuko dugu; azkenik, PC eta PlayStation, Xbox zein Switch kontsolen arteko jokoa agindu dute Nickelodeonetik.

Nintendokoen borroka jokoaren klona dela aipatu dugu lehen. Nola ez, horrela izanik arerioak borrokalekuetatik kanpo jaurtitzea izango da gure helburu nagusia. Geroz eta ahulago egon, are urrunago bidaliko ditugu gure kolpeekin.

Uztailean iragarritako tituluaren pertsonaiak banaka aurkezten dabiltza azken asteotan. Gaur, adibidez, Aaangen mugimendu berriak erakusteko bideoa argitaratu dute. Avatarraren botere guztiak erabiltzeko gai izango da oraingo honetan: aire maisua izatera mugatu beharrean, sua, lurra eta ura ere kontrolatuko ditu mutiko gazteak.

Antzeko berrikuntzak ikus ditzakegu gainerako pertsonaiekin; ez hori bakarrik, oraingoan mugimendu berezi boteretsuak erabiltzeko gai dira.

Nickelodeon All-Star Brawl 2k ez dauka argitaratze data zehatzik, baina udazkenean kaleratzeko asmoa erakutsi dute. Esan bezala, PCra zein gaur egungo kontsola guztietara helduko da.