Oxenfree eta Afterparty jokoen arduraduna da. Netflix beta bidez hasi da plataforman bideo-jokoak eskaintzen.

Netflix bere streaming zerbitzuan bideo-jokoak gehitzeko lanean ari da. Plataformak bideo-jokoetara jokatzeko aukera prestatzen diharduen bitartean garatzaileak biltzeko asmoa duela dirudi: horretarako lehen pausoa Night School Studio erostea izan dela jakinarazi dute Netflixen blogean.

“Abentura handiari ekin diogu: mundu osoko harpidedunentzako bideo-jokoen bizipenik onena sortzea”, adierazten dute bertan. Night Schoolek Oxenfree jokoarekin lortutakoa Netflixen “istorioen narraitzaile eskarmentua bideo-jokoen arlora eramateko inspirazioa” izan dela diote streaming plataformakoek.

“Mota eta maila guztientzako bideojokalariei zuzendutako bideo-joko esklusiboen bilduma sortzeko” asmoa agertu dute gainera, horretarako “mundu osoko garatzaileekin lan eginda eta sektoreko profesionalik onenak kontratatuta”.

Oxenfree eta Afterparty bikainen arduradunek Netflixentzako prestatuko dutena zehaztu gabe, dagoeneko iragarritako Oxenfree 2 garatzen jarraituko dutela baieztatu dute estudioaren webgunean.

Bideo-jokoak garatzeko helburua ez da inolako ustekabea. Pasa den uztailean Mike Verdu kontratatu zutela iragarri zuten Netflixekoek bideo-jokoak sortzeko asmoarekin, ondoren joko horiek streaming plataforman bertan eskainiko dituztela baieztatuta.

Izan ere, dagoeneko jokatzeko aukera dago Netflixen. Atzo bertan nabarmendu zutenez, Hego Euskal Herrian bost bideo-joko gehitu dituzte zerbitzura: Shooting Hoops, Card Blast, Teeter Up, Stranger Things: 1984 eta Stranger Things 3.

Guzti hauetara Android-eko aplikazioaren bidez jokatu daiteke ezer gehiago ordaindu gabe. Bideo-jokoen arloa oraindik beta fasean aurkitzen dela azpimarratu dute, eta etorkizunean “askoz bideo-joko gehiago” gaineratuko dituzte.