Nine Sols

Lander Unzueta | 2026/02/06 12:00 Berriak



Borroka odoltsuak eta ezpatadaka zehatz baina frenetikoak oinarri hartuta, istorio berezi bezain sakona proposatzen duen Nine Sols interesgarria argitaratu zuen Red Candle Games estudio taiwandarrak 2024an. Ordutik hona kultuzko indie obra bilakatzea lortu du, akzioaren nahiz metroidvania abenturen zaleak erakarrita.

Ibilbide bitxia da Red Candlena. Nine Sols argitaratu aurretik beldurrezko bideojoko narratiboak ziren taldearen espezialitatea: Detention eta Devotion ospetsuekin Taiwanen girotutako lanak kaleratu zituzten 2017tik hasita.

Azken jokoa iragartzerakoan, beraz, generoz eta girotzez zeharo aldatuko zutela jakinarazi zuten. Katu antropomorfikoak protagonista dituen akzioz betetako titulua da Nine Sols; proposamen berriarekin zaleen begiradak erakartzea lortu zutela esan beharra dago, 2022ko apirilean finantzazio kanpaina arrakastatsua burutu baitzuten taiwandarrek.

Demoa probatzeko aukera eduki genuen, baita, denetariko begiradak erakarrita: horien artean Ibai Oihangurenena, doako proba euskaratzeko lana hartzea erabakita. Tamalez, gaur egun demoa lortzen ez da horren erraza.

Urte pare bat beranduago burutu zuten garapenarekin: lehenengo PCko bertsioa ikusi genuen, eta, 2024a bukatu aurretik, PlayStation, Switch eta Xbox kontsoletarako bertsioak prestatu zituzten.

 

Esperimentuak eta misterioa

Zinematika landuarekin hasiko dugu abentura, gure protagonistaren heriotza ikusita. Galdera artean abiatuko gara, beraz, Yi katuak berpizte harrigarria bizi ondoren. Lehen pausoak presarik gabe emango ditu jokoak, gizakien herrixka lasaian Shuanshuan gaztearekin une batzuk igarota… baina sekretu ilunekin topo egingo dugu, denbora askorik galdu gabe.

Bi dimentsioko planoan mugituko gara Nine Solsen. Eskuz marraztutako irudiekin, maila handia lortu dute sortzaileek; egia da batzuetan flash joko zaharren animazioak dituztela pentsatu dudala, baina, orokorrean, aurkezpenaren maila aparta da. Gainera, noizean behin 3D guneak ere ikusiko ditugu hondoetan, kalitate handikoak.

New Kunlun hiriko bederatzi Sol buruzagiak garaitzea, eta euren zigiluak eskuratzea izango da Yiren helburu nagusia. Horretarako, taopunk girotzedun kokalekuak —hau da, taoismoa cyberpunk-arekin nahasten dutela aldarrikatzen dute egileek— zeharkatuko ditugu, denetariko arriskuei aurre eginez.

Behin benetan jokatzen hasita, Sekiro: Shadows Die Twice itzelaren elementuak hartzen dituen lanaren aurrean gaudela ikusiko dugu. Mugimendu sorta sinplearekin hasiko da Yi: kolpeen oinarrizko konboa, arerioei talisman leherkorrak itsasteko aukera —aldez aurretik Chi puntuak lortu beharko ditugu, borrokatuz— eta ezer gutxi gehiago edukiko ditu eskura. Botere garrantzitsuena, baina, desbideratzea (parry) da, bere barnean dituen mekanikekin batera osatzen baitira jokoko borroka latzenak.

Gure trebeziaren arabera, desbideratzeak bi motatakoak izan daitezke. Etsaiaren kolpea gelditzea lor dezakegu, baina, ez badugu une zehatzean desbideratzen, barne zauriak jasango ditu gure protagonistak; bestalde, kolpea timing aproposarekin geldituz gero, ez du minik jasoko.

Barne zaurien mekanikak berebiziko pisua dauka jokoan, hil ala biziko elementu bilakatzeraino. Dueluetan pixkat trakets ibil gaitezke, baina erasoak gelditzea lortu, nahiz eta ez izan une perfektuan. Barne mina pilatzen joango gara, bai —kolore gorriz ageriko da gure bizitza barran—, baina horrek ez digu heriotza ekarriko. Kontrakoa: borrokaren erritmoa barneratzea lortzen badugu, desbideraketa perfektuak erabilita, barne min hori sendatzen joango gara, bizitza berreskuratuta.

Talismanen erabilera ezinbestekoa da, baita. Min ikaragarria egin dezakete, baina aktibatzeko geldirik geratu beharko gara —etsaiei itsastea lortu ondoren—, beraz, une egokian erabiltzen ikasi beharko dugu zaplastekoren bat edo beste hartu gabe jarraitzeko.

Hortaz, eta halako tituluetan ohikoa den bezala, gatazkak dantzak direla esan dezakegu. Arerioen mugimenduak eta keinuak ikasi beharko ditugu noiz eraso, eta noiz desbideratu ikasi arte, duelu zailak inolako zauririk gabe gainditzera iristeraino.

Nine Solsen lehen uneak nahiko gogorrak iruditu zaizkit: borrokek zein plataforma atalek zerbaiten hutsunea dutela pentsatu izan dut sarritan, pixkat astunak egin arte. Egia da, dena den, jokoa mekanika eta mugimendu berriak gehitzen doala pixkanaka: adibidez, arerioen eraso gorriak ezin daitezke desbideratu parry arruntarekin, jauzi egin eta desbideratze berezia erabiltzera derrigortuta. Dueluetara ohitu ahala, iritziz aldatzen joan naiz… baina benetako gozamena borrokarik zailenekin iritsi zitzaidan; azken nagusi horien aurkako borrokak ikaragarriak otu zaizkit, orokorrean, hasierako duelu sinpleagoei mila buelta emanik.

Gure trebeziaren arabera, desbideratzeak bi motatakoak izan daitezke.

Heriotza kopuruari dagokienez, jokoaren erronka nagusiak behin eta berriz errepikatzea tokatu zait, azken boladako metroidvania joko zailetan egin bezala. Dena den, ez dut uste Hollow Knight bezalakoen zailtasun mailara iristen direnik, baina bizkorrak eta trebeak izatea eskatuko digu Nine Solsek.

Arazo batzuk ere baditu. Desbideratzeen eta kolpeen sistema nahiko zehatza eta egokia da, baina batzuetan akatsak ikusiko ditugu: gehiegi hurbiltzearren, nahiz eta kolpeak ondo gelditu, atzetik joko gaituztela, adibidez. Gauza txikiak dira, baina amorraraztekoak.

Aurretik, baina, gure pertsonaiaren abileziak hobetu beharko ditugu. Bi moneta edo baliabide nagusi daude Nine Solsen: esperientzia eta Jin dirua. Arerioak garaituta lortuko ditugu, gehienbat. Esperientzia erabilita, abilezien zuhaitzeko hobekuntzak eta mugimenduak desblokeatuko ditugu; diruarekin, New Kunlunetik sakabanatuta dauden pertsonaia desberdinei objektuak erosiko dizkiegu —zenbaitetan, horiek fabrikatzeko beste objektu gako bat behar izanik—.

Trebeziekin batera jade harribitxiak dauzkagu. Hollow Knighteko kutunen moduan funtzionatzen dute: hainbat txerta ditzakegu aldi berean, gure jade sistemaren konputazio ahalmenak mugatuta. Zenbait berezitasun eta hobekuntza eskaintzen dituzte: diru gehiago biltzetik hasita, erasoek min gehiago egiteraino, bizitza berreskuratzeko aukera eskaintzea, desbideratzeekin aurkariei min egitea…

 

Metroidvania lineala

Borrokak zutabe nagusienetakoa dira. Halere, metroidvania izanik, esplorazioa ere nabarmentzekoa da. Zentzu horretan, nahiz eta sekretuz betetako mundu zabala aurkituko dugun, Nine Sols generoko gainerako izarrengandik urruntzen da. Ez dugu elkar konektatutako mapa konplexua ikusiko; horren ordez, guneka banatutako neurrizko erronkak aurkituko ditugu mapako kokaleku nagusi bakoitzean. Batzen dituzte zenbait bide egon daitezke, baina abentura nahiko lineala da Red Candlek proposatzen diguna.

Ideia bat egiteko, toki nagusi bakoitzera sartzeko abilezia berria beharko dugula esan dezakegu, hein batean. Hori lortuta, bertako erronka gehienak ia segituan gaindi ditzakegu, buruzagiaren aurka jarrita, eta bertako ibilbidearekin bukatuta. Hasiera eta amaiera duten istorio edo arkuak osatzeko balio dute, hortaz. Badira hortik aldentzen diren kasuak, non behin eta berriro sartu beharko garen gunea osorik esploratu eta ezagutzeko.

Metroidvania jokoen jarraitzaile amorratuenek arazoak izango dituzte egitura honekin: sortzaileek akzio eta plataforma abentura bezala izendatzen badute ere, metroidvania jokoa dela entzun dugu behin eta berriro medioen nahiz erabiltzaileen aldetik. Generoaren elementuak baditu ere, gainetik ukitzen ditu, bigarren maila batera alboratuta.

 

Bizitzeko moduko mundua… hilzorian

Erabakia gidoian sakontzeko aprobetxatzearren hartu dute. Hizketaldiak eta dokumentuak ohikoak dira Nine Solsen, eta istorioak gidatuko du Yi behin eta berriro, egin zein eskuratu beharrekoak zehaztuz eta gure bidaia bideratuz. Galduta ibiliko gara sarritan, hori bai.

Taopunk girotzera itzulita, istorioak gordetzen dituen sekretuak ezkutatzeko eta gertatzen ari dena argitzeko gogoa pizteko abiapuntu zoragarria da. Taiwaneko zein Txinako mitologia, kondairak edo ohiturak bereganatu, eta, mundu bizia, historia luzekoa eratzeko baliatu dira Red Candlekoak. Murgiltzeko moduko testuinguruarekin, solarian izakiei eta euren planetari buruzko informazioa biltzeko gogoz ibiliko gara abentura guztian zehar, sekretuetan sakonduz nahiz gainerako pertsonaiekin hitz eginez.

Bere puntu ilunak eta hizketaldi luzeak ditu, baina gatibatu egin nauela aitortu behar dut. Are gehiago, sortu duten unibertsoari lotutako kontakizun gehiago ezagutzeko gogoz utzi naute —komiki eta proposamen interesgarri pare bat argitaratu dituzte dagoeneko—. Solarianen eta Penglai planetaren historia eta jatorriak, pertsonaiak zein magiak… aukera ugari dituzte Nine Solsekin.

Abenturako sekretu guztien bila joanez gero, 30 bat ordutan gainditzeko moduko lana da Nine Sols. Bukaerarekin arazo pare bat dauzkat: azken misioak eta eginkizunak betetzeko bidea ez zait erosoena iruditu, batez ere, jarraitu beharrekoak ez daudelako batere argi adierazita. Azkenean, denbora pixkat galarazi didatela sentitu dut; ez da horrenbesterako izan, baina amaierako egitura aldatzea eskertuko zela esango nuke.

Ez dugu elkar konektatutako mapa konplexua ikusiko; horren ordez, guneka banatutako neurrizko erronkak aurkituko ditugu mapako kokaleku nagusi bakoitzean.

Aurkezpenari dagokionez, nahiz eta arestian flash joko zaharren animazioak aipatu ditudan, lan bikaina egin dute sortzaile taiwandarrek. Pertsonaiak zein inguruean ikaragarrizko maila erakusten dute orokorrean; akaso, aniztasun gehiago eskatuko nieke guneen girotzeei, baina zentzu horretan ere badago zer ikusi.

Biolentzia maila nabarmentzekoa da. Katutxo hizlariek ez zaitzatela engainatu: abentura hasi bezain laster une odoltsuak biziko eta ikusiko ditugu, eta horrela jarraituko dugu joko osoan zehar. Garatzaileen beldurrezko jokoen testuingurua —benetan— agerian jartzen duen xehetasuna.

Soinu bandarekin jarraituz, doinu modernoak eta tradizionalak batzen dira bideojokoan. Musika ederra, tentsioz betetako pasarteak zein doinu epikoak entzungo ditugu, abesti sorta benetan berezia eratzea lortu dute parte hartutako musikagileek.

Metroidvania ezaugarrietara mugatuz gero, dezepzio pixkat suposatu badit ere, obra ikaragarria iruditu zait Nine Sols. Bere akatsak ditu, bai, baina garatzaileen bihotza nabari da jokatzerakoan; are gehiago, girotze, borroka eta istorio bereziek berezko nortasuna eta xarma eskaintzen diote, ez baitago hurbiltzen zaionik, generoaren baitan, behintzat. Proposamena erakargarria iruditzen bazaizu, ez utzi ihes egiten, eta barnera zaitez Penglai planetaren gatazkaz betetako kontakizunean.

Game Erauntsia facebook


Iruzkinak

Mesedez, sartu iruzkina utzi ahal izateko.

245
Kide

5
Jolasten

33
Online

Azken erantzunak

Lander Unzueta 2025ko aza. 18a, 09:30

Kaixo, Daflipat! Tamalez, oraingoz ez: nahiz eta GNU/Linux oinarri duen, SteamOS ezin daiteke euskaraz jarri. Agian mahainguruko ingurunea euskara…
Steam Machine, Steam Frame eta Steam Controller 2…

Daflipat 2025ko aza. 17a, 18:25

Kaixo! Badakizue SteamOS sistema eragilea euskaraz erabiltzerik dagoen? Eta euskaraz ez balego, euskaratzeko modurik legokeen? Eskerrik asko zuen l…
Steam Machine, Steam Frame eta Steam Controller 2…

Damian 2025ko mai. 20a, 23:04

Hartuta! Probatzeko goguakin. Zaharra probatu eta immertsioa haundixa zan. Hola are gehixau!
S.T.A.L.K.E.R.: Legends of the Zone bildumak tril…

Damian 2025ko mai. 8a, 10:43

Begiratu kickstarterra! Itxura bikaina eta joko mota hau gustoko duenarentzat aukera ona!
Prelude Dark Pain-ek Kickstarter kanpaina arrakas…

eZpata_10 2025ko mai. 5a, 20:01

Mila esker benetan, Outer Wilds euskaraz jokatzea zoragarria izan da :D
Outer Wilds eta bere DLC-a, euskaratuta