Sekiro, Hollow Knight eta Katana Zero bezalako tituluetan oinarritzen den bi dimentsioko akziozko plataforma jokoa prestatu nai dute Red Candle Games-ekoek.

Taoismoko elementu estetikoak eta cyberpunk-a nahasten dituen girotzea, borroka azkar eta zirraragarriak nahiz istorio sakona duen esploratzeko mundu erraldoia dira Nine Sols interesgarriak proposatzen dituenak. Red Candle Games indie estudio taiwandarrak martxoan hasi zuen proiektua garatu ahal izateko finantzazio kanpaina beren webgunean, sekulako arrakasta lortuta: eskatzen zituzten 95.000 euroak gaindituta, dagoeneko 239.752 euro bildu dituzte 5.385 inbertsoreri esker; oraindik 31 egun geratzen dira kanpaina bukatzeko.

Yi heroiaren kontrola hartuko dugu abentura honetan. Bere helburua: bederatzi Sol maltzurrak garaitzea. New Kunlun hiriko zoko guztietatik ibili beharko da hauen bila askotariko etsaiak garaitzen eta ahalmen bereziak lortzen dituen bitartean.

Garatzaileek hainbat bideojoko hartu dituzte inspiraziotzat. FromSoftware-koen Sekiro: Shadows Die Twice aipatzen dute kontraerasoz betetako borroka bizkorrak deskribatzeko, baita Katana Zero ikusgarria ere. Metroidvania erroen aldetik Hollow Knight bikainean oinarritu direla diote. Istorio sakona eta aberatsa agintzen dute gainera.

Horietatik abentura klasikoengandik edaten duten plataforma teknikak biltzen dituen bi dimentsioko akziozko abentura azkarra jaio da. Aldaketa handia Red Candlekoengandik ohituta gauden bideojokoak ezagututa: Devotion eta Detention beldurrezko jokoen sortzaileak dira.

Nine Sols garatzeko beharrezko dirua bilduta, orain bestelako helburuak gauzatzeko diru kopuruak finkatu dituzte. Joko zaila egiteko asmoa dutenez, hurrengo helmugarekin jokalari kasualagoentzako istorio joko mota sortzeko baliabide ekonomikoen bilda dabiltza. Horren ostean zinematikak, amaiera berriak, etsai nagusi ezkutuak eta gehiago aipatzen dituzte, finantzaketa nahikoa eskuratzen badute behintzat.

Hori lortzeko hainbat ordainsari eskaintzen dizkiete inbertsoreei: jokoaren ale digitala eskuratzeko, adibidez, 20 bat euro ordaindu behar dira. Diru gehiago jarrita soinu banda, arte liburua eta bestelako sariak lor daitezke.

PC-rako kaleratzea ziurtzat eman dute, baina Switch-ean zein PlayStation kontsoletan ere argitaratu nahi dute. Nine Solsera jokatzeko oraindik asko itxaron beharko dugu, ordea: 2023ko bigarren hiruhilabeterako prest edukitzea aurreikusten dute, baina oraindik zehazteko asko dago. Lehenengo, finantzaketa kanpaina bukatu behar dute; esan bezala, 31 egun falta dira. Halere, demoa probatzeko aukera dago: garatzaileen webgunetik jaitsi daiteke.