40 minutuko iraupena edukiko duela aurreratu dute japoniarrek. Neguan kaleratuko dituzten obrei zuzenduta egongo da.

Nintendo Direct berria jarraitu ahalko dute bideo-jokozaleek etzi. Kiotokoek irailaren 24ko 00:00etan aurkezpen digitala egingo dutela baieztatu dute sare sozialen bitartez: bertan Switch kontsola hibridoko hurrengo jokoak erakutsiko dituzte.

Bideo-joko zehatzik aipatu gabe, neguan argitaratzeko dauden bideo-jokoak bilduko dituzte aurkezpenean. Metroid Dread, Pokemon Legends Arceus, Super Mario Party Superstars edota Shin Megami Tensei 5 agertzea aurreikusten da beraz, baina oraindik iragarri gabeko ezustekoak egotea ere espero dute zaleek.

Izan ere ez da aurkezpen motza izango. 40 minutuko iraupena edukiko duela baieztatu dute Nintendokoek, beraz era guztietako obrak ezagutzera emango dituztela suposatu daiteke.