40 minutuko iraupena edukiko duela aurreratu dute. Dagoeneko lehenengo zurrumurruak zabaldu dira: Zelda eta Metroid zaharren birmasterizazioak egotea espero da.

Nintendokoek baieztatu egin dute azkenik: bihar bertan Nintendo Direct aurkezpena zabalduko dute. Prentsa oharrean jakitera eman dutenez, neguan Switch kontsolan kaleratuko dituzten bideojokoetan ardaztuta egongo da.

Iraupena ere zehaztu dute Kiotokoek: 40 bat minutuko aurkezpen berezia izango da. 16:00etan emango diote hasiera, eta Youtube-tik jarraitu ahalko da:

Urte bukaerarako bideojokoen aldetik hainbat izen ezagutzen ditugu dagoeneko: Pokémon Scarlet zein Violet, Mario + Rabbids: Sparks of Hope, Sonic Frontiers edo Bayonetta 3 bezalako jokoak iritsiko dira Nintendoren kontsola hibridora.

Hala ere, zurrumurruak zabaltzen ikusi ditugu Directaren berria baieztatu bezain laster. Zurrumurru oso interesgarriak, gainera.

Hasteko, The Legend of Zelda sagako bideojokoei buruzko esamesak ditugu: Wii U-an estreinatutako Wind Waker nahiz Twilight Princess maisulanen HD bertsioak Switchera iritsiko lirateke. Aspalditik entzun izan dugun zurrumurrua da —kontsola merkaturatu zenetik, egia esan—, beraz nork jakin oraingoan egia izango ote den.

Zeldarekin jarraituz, Breath of the Wild-en jarraipenari buruzko informazio gehiago jasotzea espero da. Urte hasieran 2023ra atzeratu zuten bideojokoa, eta ordutik hona ez dugu ia berririk izan.

Metroid ere ikusiko dugula diote insider-ek. Ez da izango, baina, Metroid Prime 4, Prime sagako lehen jokoaren birmasterizazioa baizik. Ez zen harritzekoa izango, azaroan 20 urte beteko baititu.

Egia izango ote? Bihar 16:00etan jakingo dugu.