Switch kontsolarako aurtengo estreinaldien 40 minutuko zuzenekoa izango da. Pikmin 4 aipatu dute erakutsiko duten tituluen artean.

Bideojokozaleak zain zeuden —dozenaka zurrumurru entzun ditugu egunotan—, eta N handiak baieztatu egin du: Nintendo Direct aurkezpena egingo dute bihar.

16:00etan hasiko dute zuzenekoa; beti bezala, enpresa japoniarraren YouTube kate desberdinetatik jarraitu ahalko dugu. Iraupena ere zehaztu dute: 40 minutu inguruko Directa ikusiko dugu bihar arratsaldean.

Bideojokoei dagokienez, “aurten Nintendo Switch kontsolara iritsiko diren tituluetan” ardaztuko dira oraingoan. Joko bakarraren izena aipatu dute, zoritxarrez: uztailaren 21ean kaleratuko duten Pikmin 4.

Hori alboratuta, ikusiko ditugunak misterio hutsa dira. Nola ez, zurrumurruak dira nagusi nintendozaleen artean: Wii U-an kaleratutako The Legend of Zelda Wind Waker HD eta Twilight Princess HD bermasterizazioen port-ak, Metroid Prime 4 desiratua —edo bigarrenaren berregitea—, F-Zero berriren bat, eta, nola ez, Hollow Knight: Silksong irakur ditzakegu jokalarien eskaeretan. Horiez gain, Tears of the Kingdom arrakastatsuaren eduki gehigarriak zein Mario Kart 8 Deluxe-n zirkuitu berriak ere nabarmendu dituzte zaleek.

Zorionez, ez dugu askorik itxaron beharko prestatuta daukatena ezagutzeko. Esan bezala, bihar 16:00etan abiatuko da 2023ko udako Nintendo Directa.