Paper Mario TTYD, F-Zero 99, Princess Peach: Showtime eta Another Code: Recollection aurkeztu dira Nintendo Direct-ean

Lander Unzueta | 2023/09/14 18:00 Berriak



Berregiteak eta bermasterizazioak izan dira nagusi Kiotokoen aurkezpenean. Nintendo museoa ere aurkeztu dute.

Nintendo Directa ezusteko handirik gabe igaro da, baina hainbat bideojoko esanguratsu utzita. Titulu nagusi asko aldez aurretik filtratu badira ere, Mario vs Donkey Kong, F-Zero 99, Princess Peach: Showtime edo Detective Pikachu Returns erakutsi dituzte N handikoek. Ustekabekorik handiena, baina, Paper Mario klasiko baten berregitea izan da: GameCube kontsolako The Thousand-Year Door iritsiko da Switch hibridora.

Hori horrela, berregiteak eta bermasterizazioak erakutsi dituzte gehienbat: Tomb Raider, Contra: Operation Galuga eta beste Super Mario RPG azaldu dira. Berritasunentzako tokia ere egon da, noski; izan ere, Atlus-en eta VanillaWaren Unicorn Overlord edo Prince of Persia: The Lost Crown ikusi ditugu.

Tamalez, hurrengo kontsola aurkeztu gabe uztea erabaki dute japoniarrek. Gailua ez, baina gune berezia iragarri dute: Kioton Nintendo Museum eraikina irekiko dute datorren urtean.

Askorik luzatu gabe, goazen zuzenekoaren errepasoa egitera.

 

Paper Mario The Thousand-Year Door

Paper Marioren erroetara itzuliko dira Nintendokoak sagako jokorik maitatuena berreskuratuz. 2004an Nintendo GameCube kontsolan kaleratutako The Thousand-Year Door eraberritutako atal grafikoarekin estreinatuko da Switchean.

Txandakako borrokak, esplorazioa, minijokoak eta umore mordoa agintzen ditu tituluak. Datorren urtean ikusiko dugu; ez dute argitaratze data zehaztu, baina 20. urteurrenerako prest eduki nahi badute uztailaren 22an kaleratu beharko litzateke.

 

Mario vs Donkey Kong

GameCubetik Game Boy Advance eramangarrira goaz. 2004an baita kaleratutako Mario vs Donkey Kong puzzle jokoa osorik berregiten dabiltzala iragarri dute Kiotokoek. Originalean egin bezala, puzzle eta plataforma jokoaren aurrean egongo gara.

Helburua Mini Mario jostailuak batzea eta Donkey Kong babalastoa gainditzea izango dira abentura honetan. Horrela, 2.5D mailetan oztopoak gainditzen ibiliko gara mugimendu bakoitza ondo hausnartuz.

Gainera, kooperatiboa edukiko du: bigarren jokalariak Toad-en rola beteko du. Otsailaren 16an merkaturatuko da.

 

Super Mario RPG

Ekainean iragarritako Super Mario RPG berregitean sakontzeko aprobetxatu dute Directarekin. Mekanika zaharrak mantendu, baina txandakako JRPG abenturari berritasunak gehituko dizkiote. Adibidez, garaitutako etsai nagusiengana buelta gaitezke hauen aurkako borroka gogorragoak lehiatzeko.

Horrez gain, akzio komandoetan sakondu dute garatzaileek: eraso zein defentsa perfektuak egin ditzakegu. Une egokian erasotuz gero, dueluko arerio guztiak minduko ditugu. Gainera, mugimendu hirukoitzaz balia gaitezke taldeko protagonista guztiek sekulako erasoa jaurtitzeko. Azaroaren 17an kaleratuko dute Super Mario RPG.

 

Princess Peach: Showtime!

Peachen bideojoko berria ekainean iragarri zutenean xehetasun handirik eman gabe geratu ziren. Hori orain zuzendu dute: printzesaren abenturak edukiko dituen mekanika nagusiak erakutsi dituzte.

Antzoki batean bahituko dute Peach, baina hau ez da geldi geratuko. Askatasuna lortzeko borrokatzen eta puzzleak gainditzen ibiliko da: horretarako botere berriak eskuratuko ditu, gainera. Stella izakiari esker begizta magikoa erabili, eta hainbat jantzi lortuko ditugu. Jantziokin Peach ezpataria, detektibea, gozogilea edo arte martzialetan aditua izan daiteke.

Martxoaren 22an argitaratuko da Switchean.

 

Luigi’s Mansion: Dark Moon HD

Nintendo 3DS eramangarriko Luigi’s Mansion 2ren berregitea pixkat gehiago ikusteko aukera eduki dugu. Beti bezala, mamu harrapariak izango gara gure Poltergust fidelarekin: izakiak argiztatu, eta barrura.

Ez dago berritasun handirik, baina lau jokalarirentzako multijokalaria nabarmentzekoa da. Berandurako utzi dute: 2024ko udan iritsiko da Switchera.

 

Splatoon 3

Nintendoren tiro jokoak edukaiak jasotzen jarraitzen du. Splatton 3ren hurrengo espantsioa Side Order deituko da: roguelite mekanikak inplementatuko ditu. Eraikin batean gora egingo dugu, solairu bakoitzean arerioen samaldak akatzen eta abilezia berriak eskuratzen.

Expansion Pack Wave 2ko eduki gehigarria 2024ko udaberrian kaleratuko da.

 

Another Code: Recollection

Berregiteekin jarraituz, NIntendo DS eta Nintendo Wii kontsoletako bi klasiko berpiztuko dira. Another Code: Two Memories eta Another Code: R – A Journey into Lost Memories.

Cing taldeak garatutako abentura grafiko bereziak dira. Esplorazioari eta puzzleak gainditzeari ekingo diogu, bidean hainbat jazoera paranormal jarraituta. Atal grafikoa zeharo eraberrituko dute, eta mekanika berriak inplementatuko dira. Urtarrilaren 19an helduko da Nintendoren azken kontsolara.

 

Detective Pikachu Returns

Pikachu detektibea ere azaldu da berriz Direct batean. Bere itzuleran ikusiko ditugun mekanika berrietan sakontzeko aprobetxatu dute: Tim eta Pikachu protagonistek gizakiekin eta pokemonekin hitz egingo dute, hurrenez hurren, baina sagu horia gainerako adiskideen botereak erabiltzeko gai izango da erronkak gainditzeko.

Esaterako, Growlithe batera igota usaimenaren bidez aztarnak jarraitzeko gai izango gara. Laster probatuko ditugu aukera guztiak, urriaren 6an estreinatzen baita.

 

Unicorn Overlord

Atlus eta VanillaWare japoniarren bideojoko berria izan da, inolako zalantzarik gabe, aurkezpeneko ezusterik handienetakoa. Ohi bezala, 13 Sentinels: Aegis Rim edo Odin’s Sphere bezalako maisulanen arduradunek atal estetiko ederra duen titulua prestatzen dabiltza.

Fantasiazko Erdi Arora bidaiatuko dugu oraingoan, gure armada sortzeko eta hobetzeko. Hamasei bat protagonista ezagutuko ditugu mapa zabaletan txandakako dueluetan borrokatzeko.

Switchean estreinatzeaz gain, PlayStation eta Xbox kontsoletan ere ikusiko dugu Unicorn Overlord martxoaren 8an.

 

F-Zero 99

Aurkezpen aurretik filtratu da F-Zero sagaren hurrengo jokoaren izenburua; hau irakurrita, zer izango den suposa zitekeen. Battle royale lasterketak biziko ditugu: 99 partaidetik bakarra izango da txapelduna borroka bizkor eta zitaletan.

SNESko joko originala hartuko dute oinarritzat. Gure energia kudeatu beharko dugu bizirik jarraitzeko, baina suntsitutako ontzien energia batuz gero, Skyway bide bereziak irekiko zaizkigu zirkuituetan.

Nintendo Switch Online zerbitzuko harpidedunek doan joka dezakete gaurtik aurrera.

 

Tomb Raider I-III Remastered

Tomb Raider klasikoen bermasterizazio itxurosoa ezagutzeko aukera eduki dugu. Lehen hiru atalak batuko dituen bildumak atal grafiko originala zein eraberritua aurkeztuko ditu.

Lara Croft esploratzailearekin munduko hainbat gune esploratuko ditugu, nola ez, oztopo arriskutsuei aurre eginez. Otsailaren 14an merkaturatuko dute Switchean nahiz gainerako kontsoletan eta PCan.

 

Bukatzeko, aipatzeko azkenak

Artikulua luzatzen ari denez, trailer interesgarrien azken zerrenda doakizue jarraian:

Game Erauntsia facebook


Iruzkinak

Mesedez, sartu iruzkina utzi ahal izateko.

Steam konexioak huts egin du...

Azken erantzunak

Ibai Aizpurua 2024ko mai. 29a, 21:10

Analisi ederra! Beti erosi eta jolasteko zerrendan izan dut. Hain laburra dela jakiteak puntuak irabazi ditu neretzat!
LEGO Builder's Journey

Beñat 2024ko mar. 26a, 20:15

Erabat ados Journeyri buruz esandakoarekin. Ea laster Flower hasi eta bukatzeko aukera dudan, bere unean, lehen maila probatu besterik ez bainuen egi…
Journey: bizitza, bidai [Analisia]

Ibai Aizpurua 2024ko mar. 14a, 11:18

Analisi ederra! Ea noiz hartzen dudan denbora joko honetan jolasteko. Oso Amanita zalea naiz!
Creaks