40 minutuko zuzenekoa izango dela aurreratu dute Kiotokoek. The Legend of Zelda: Tears of the Kingdom agertzea aurreikusten da.

Otsaila Directen aurkezpenena izan ohi da, eta aurten ere halakoa izango dela iragarri du Nintendok: bihar bertan 2023ko lehen zuzenekoa egingo dute japoniarrek. Aditzera eman dutenez, 2023ko lehen seihilekoan Switch kontsolan estreinatuko diren bideojokoak erakutsiko dituzte ekimenean.

23:00etan hasiko dute ekitaldia: aurreratu dutenez, 40 minutuko iraupena edukiko du. Ohi bezala Nintendoren YouTube kanal desberdinetatik jarraitu ahalko da.

Datozen hilabeteetan ikusiko ditugun bideojokoen artean, nola ez, esanguratsuena The Legend of Zelda frankiziaren hurrengo atala da. Tears of the Kingdom maiatzaren 12an merkaturatuko dutela agindu zuten N Handikoek; dena ondo badoa, trailer berriarekin informazio sorta zabala jasoko dugu bihar.

Zelda alboratuta, egia esan, gainerako jokoak misterio hutsa baino ez direla esan beharra dago. Dagoeneko iragarrita dagoen Pikmin 4-ren zerbait ikus dezakegu, adibidez: 2023an estreinatu behar da printzipioz, baina ziurrenik urte amaieran ikusiko dugu. Kasu latzagoa da Metroid Prime 4-rena: hainbat urte daramatzagu Retro Studios-en bideojokoari buruz jakin gabe, beraz oso zaila izango da bihar azaltzea.

WayForward Technologies-en eskuetan dagoen Advance Wars 1+2: Re-Boot Camp berregitea da Directerako beste hautagaietako bat. Remake-a dagoeneko kaleratuta egon behar zen; Ukrainako gerraren ondorioz berandutzea erabaki zuten. Bukatuta dagoela suposatzen denez, zuzenekoan ager daiteke.

Horrekin batera, bestelako berregiteak eta birmasterizazioak ikusteko aukera ere badago: TLoZ: Wind Waker eta Twilight Princess, Metroid Primen trilogia…

Bihar jakingo dugu zer duen Nintendok esku artean 2023ko lehen seihilekorako. Esan bezala, 23:00etan hasiko dute zuzenekoa.