Ordu erdiko iraupena edukiko N handiaren zuzenekoak. Metroid Prime 4: Beyond agertzea espero da, besteak beste.

Nintendo Direct berria iragarri du enpresa japoniarrak. Apirilaren 2rako Nintendo Switch 2 Directa aurreikusita badago ere, bihar Switch originalaren bideojokoen berri emateko azken zuzenekoa ikusiko dugu.

15:00etan hasiko da, eta, beti bezala, Nintendokoen YouTube kate desberdinetatik jarraitu ahalko dugu. Ordu erdiko iraupena edukiko duela aurreratu dute; beraz, ez gaude aurkezpen txikiaren aurrean.

“Ez da Nintendo Switch 2aren aurrerapenik egongo bideoan”, diote prentsa oharrean. Ez dute inor ezustean harrapatuko, baina, itxura batean, oraindik gailu hibrido originalarentzako ustekabeak datoz.

Nola ez, bai ala bai espero den bideojokoetako bat Metroid Prime 4: Beyond da. 2025eko N handiaren titulurik handiena da, oraingoz —Mario Kart berria atzetik duela kontuan hartuta—. Samus Aran-i lotuta, Prime 2ren edo Prime 3ren birmasterizazioak espero dira: lehen jokoaren remaster-ak lortutako arrakastaren ostean, ez litzateke harritzekoa.

Birmasterizazioekin jarraituz, zurrumurruek hainbat aipatzen dituzte. Aspalditik. The Legend of Zelda: Wind Waker HD zein Twilight Princess HD falta zaizkigu Switch originalean. Gainera, 3DS kontsolako Kirby: Planet Robobot ere nolabait hibridoan ikusiko dugula entzun dugu azkenaldian. Fire Emblem: Genealogy of the Holy War (Seisen no Keifu) maitatuaren berregitea ere hainbatetan aipatu da.

Bukatzeko, bai, Hollow Knight: Silksong daukagu. Team Cherry taldeak Steam plataformako bideojokoaren orrialde ofiziala eguneratu du asteon, datu txiki berriak gehituta.

Martxoko Nintendo Directa bihar 15:00etan hasiko da. Apirilaren 2an, bestalde, Nintendo Switch 2 Directa ikusi ahalko dugu; hau da, kontsolaren xehetasun guztiak eskaintzeko emanaldi berezia. Hau ere 15:00etan abiatuko dute.