50 minutuko emanaldia izango da. The Legend of Zelda: Ocarina of Time, Fire Emblem edo The Duskbloods egotea espero da.

Nintendok udako Nintendo Direct aurkezpena baieztatu du: bihar arratsaldean eskainiko du.

16:00etan hasiko da emanaldia N handiaren ohiko kateetatik. 50 minutuko iraupena edukiko duela aurreratu dute japoniarrek, edukiak zehaztu gabe.

Zurrumurruak ikaragarriak dira. Hasteko The Legend of Zelda: Ocarina of Time maisulanaren berregitea espero da: insider-ek asmatu badute, aurtengo neguan estreinatuko litzateke Switch 2 kontsolan.

Filtrazioekin jarraituz, Wario-ren bideojoko berria, Super Metroid berregitea, Star Fox Adventures-en oinordekoa edo Mario Kart World-en eduki gehigarriak aipatu izan dira azken hilabeteotan.

Horiez gain, dagoeneko baieztatutako Fire Emblem: Fortune’s Weave, Splatoon Raiders, Rhythm Heaven Groove eta Nintendo Switch 2 Sports tituluak agertzea espero da.

Directaren ondoren zuzenekoarekin jarraituko dute Kiotokoek. Treehouse Live emanaldia hasiko da Directa bukatu bezain laster: 95 minututan jokagarritasun gordina, elkarrizketak eta gehiago bilduko dituzte.