Ekaineko ekimenak bukatuko dituen zuzenekoa da: 40 minutu iraungo ditu. Ez dute Switch-aren oinordekoa erakutsiko edo aipatuko.
Nintendok azkenik iragarri du ekaineko Nintendo Direct aurkezpenaren eguna: bihar bertan ikusi ahalko dugu.
Ohi bezala, eskainitako informazioa urria da: 16:00etan hasiko dute, eta 40 minutu iraungo ditu. YouTube bidez jarraitzeko aukera edukiko dugu:
Joan den hilabetean Shuntaro Furukawa Nintendoko zuzendariak adierazi bezala, baina, ez dugu Switch berria —edo honen oinordekoa— ezagutuko. Hori beranduago iragarriko dutela azaldu du enpresa japoniarrak.
Hortaz, zer espero genezake? Ekainaren 27an kaleratuko duten Luigi’s Mansion 2 HD eramango dute bai ala bai, baina hortik aurrera, ezustekoak baino ez dira espero. Dagoeneko iragarritako hirugarrenen jokoren bat edo beste egongo da ziurrenik… baina, zer gehiago?
Zurrumurruen arabera, Dragon Quest HD-2D trilogia ikusiko genuke, baita Ace Attorney sagaren atal berria ere.
Nahiz eta kontsola berririk ez duten erakutsiko, agian bere tituluren bat aurreratzen digute… edo Metroid Prime 4 zein The Legend of Zelda Wind Waker HD eta Twilight Princess HD ikusten ditugu, auskalo.
Bihar arte itxaron beharko dugu gorde dituztenak ezagutzeko. Esan bezala, Nintendo Directa bihar 16:00etan hasiko dute.
Iruzkinak