25 minutuko ekitaldia agindu dute N Handikoek. Kontsola hibridora iristear dauden tituluak batuko dituzte bertan.
Itxaroten geunden, eta Nintendok azkenean baieztatu du: Direct aurkezpena ikusiko dugu bihar bertan. Zoritxarrez, ez da ohiko ekimen handia izango; oraingoan, Direct Mini: Partner Showcase formatua aukeratu dute Switch kontsolan datozen hilabeteetan kaleratuko diren bideojokoak jakitera emateko. Nintendoren joko propioak izan beharrean, kanpoko enpresen lanak izango dira ardatza.
15:00etan hasiko dute zuzenekoa. Iraupena ere zehaztu dute: 25 minutuko aurkezpena izango da biharkoa.
Esan bezala, Nintendorekin elkarlanak adostu dituzten garatzaileen eta estudioen obrak ikusiko ditugu oraingoan. Dagoeneko hainbat filtrazio entzun ditugu horien inguruan: Sega-k eta Atlus-ek orain gutxi iragarritako Persona sagaren port-ak Switchera eramango dituela dirudi.
Zurrumurrurik harrigarriena, baina, Rockstar-en aldetik dator: Manual agerkari espainiarreko Nacho Requena kazetariak aipatu duenez, Red Dead Redemption 2-ren Switcheko bertsioa prestatzen ari dira estatubatuarrak.
Nola ez, Hollow Knight: Silksong desiratuari buruzko kontutxoak ere entzun ditugu egunotan. Trailer berria orain aste pare bat ikusteko aukera eduki genuen, Xbox & Bethesda Games Showcase aurkezpenean. Bertan argitaratze datarik ikusi gabe gelditu ginenez, Team Cherry-koek Direct Mini hau aprobetxatuko dutela zabaldu da sarean.
Dena dela, aipatutako guztiak zurrumurruak baino ez dira momentuz. Bihar arte itxaron beharko dugu Nintendo Direct Mini: Partner Showcase aurkezpena ikusteko: japoniarren Youtube kanaletatik jarraituko ahalko da.
Iruzkinak