Dozenaka bideojoko bildu dituzte japoniarrek partaideekin batera antolatutako aurkezpenean.

Atzo iragarri bezala, Nintendokoek euren partaideen bideojokoetan ardaztutako Direct aurpezkena burutu dute orain minutu batzuk. Direct Mini formatuan, datozen hilabeteotan —kasu batzuetan, gaur bertan— Nintendo Switch-ean kaleratuko diren bideojokoak erakusteko aprobetxatu dute, iragarpen interesgarriak eginda.

Trailerrak erakutsi aurretik, goazen interesgarrienak aipatzera. Monster Hunter Rise-n espantsioaren hamaikagarren bideoarekin hasi dute aurkezpena, baina ondoren Square Enix-en azken urteotako titulurik interesgarrienetakoa urriaren 6an kontsola hibridora helduko dela baieztatu dute: NieR Automata-ri buruz gabiltza. The End of YoRHa Edition formatuan helduko da, eduki gehigarri guztiak bilduta.

Return to Monkey Island berriz ikusteko aukera izan dugu baita. Sekulako ezustea harrapatu dugu Ron Gilbert-en lan berria Direct batean ikusterakoan: jokagarritasun pixkat erakutsi dute lehen aldiz, eta atal estetikoa ez da guztiontzako bezalakoa izango.

Ubisoft-ek gaur bertan filtratu du, baina Directean sakontasunean erakutsi dute: Mario + Rabbids bikainaren Sparks of Hope jarraipenaren jokagarritasun berria ikusteaz gain, urriaren 20an kaleratuko dutela baieztatu dute japoniarrek. XCOM estiloko txandakako estrategia aurkeztuko du tituluak.

RPG Time: The Legend of Wright interesgarria berriz ikusteko aukera izan dugu baita. Ikasle batek bere koadernoan marraztutako rol abentura izango dugu: borrokak, minijokoak, altxor bilaketak, eta, orokorrean, mutikoaren burutik pasatzen den edozer ikusiko dugu atal estetiko ikaragarria daukan abentura honetan. Abuztuaren 18an estreinatuko da azkenik.

Sonic Frontiers ere izan da, nola ez, gaurko Directean. Jokagarritasun pixkat gehiago erakutsi dute Sega-koek, gune berriak aurkeztuta: mundu digitalean Green Hill bezalako toki klasikoak bisitatuko ditugu. Triku urdinak kontraerasoak egiteko ahalmena eskuratuko du oraingoan, borrokak errazteko helburuarekin. Negu honetan kaleratuko dute, eguna zehaztu gabe.

Dragon Quest-en oinarritutako abentura berriaren argitaratze data ezagutu dugu gaur: Treasures-ek txandakako JRPG abenturak alboratu, eta guk harrapatutako munstroekin batera denbora errealeko borroketan parte hartzeko aukera eskainiko digu. Izenak dioen bezala, altxorrak izango dira protagonista nagusia: hauek bilatzeari ekingo diogu abenduaren 9an kaleratuko den joko honetan.

Valve-koentzako txokoa ere egon da Directean. Portal 1 eta 2 batuko dituen Company Collection berriz erakusteko aprobetxatu dute Gabe Newell-en taldekoek. Noiz kaleratuko den? Gaur bertan iritsiko da Switchera.

Square Enixekin jarraituta, Erdi Aroko fantasia munduan girotutako JRPG abentura iragarri dute japoniarrek. Harvestella-k borrokak, nekazaritza eta esploratzeko mundu ederra batuko ditu anime estetikarekin. Azaroaren 4an iritsiko da.

Bukatzeko, Atlus-ek eta Segak Direct Minia hasi aurretik egindako iragarpenarekin bukatu dute Nintendokoek. Xbox & Bethesda Games Showcase-an ezagutzera emandako Persona 5 Royal, Persona 4 Golden eta Persona 3 Portable bikainen port-ak Switchera ere iritsiko dira. Lehena, P5R izango da: urriaren 21ean helduko da.

Goazen Nintendo Direct Mini honetako trailerrik interesgarrienak ezagutzera:

 

Monster Hunter Rise: Sunbreak

 

NieR Automata The End of YoRHa Edition

 

Lorelei and the Laser Eyes

 

Super Bomberman R2

 

Mega Man Battle Network Legacy Collection

 

Pac-Man World Re-Pac

 

Blanc

 

Return to Monkey Island

 

Mario + Rabbids: Sparks of Hope

 

RPG Time: The Legend of Wright

 

Sonic Frontiers

 

Live A Live

 

Doraemon Story of Seasons

 

Dragon Quest Treasures

 

Portal: Company Collection

 

Harvestella

 

Persona