Grounded, Endless Ocean: Luminous, SMT V: Vengeance eta Ender Magnolia aurkeztu dituzte Nintendo-ren azken Direct ekitaldian

Lander Unzueta | 2024/02/21 16:00 Berriak



Switch kontsolan estreinatuko diren hirugarren enpresen bideojokoetan ardaztu dira oraingoan.

Agindu bezala, Nintendok Direct Partner Showcase aurkezpena egin du gaur. Ez da zuzeneko formatuan izan, Direct handiekin egin modura, baina obra benetan interesgarriak utzi dizkigu. Xbox-en Grounded beste kontsoletara iritsiko dela baieztatu dute, eta, gainera, Endless Ocean: Luminous, Shin Megami Tensei V: Vengeance edo Ender Magnolia iragartzeko aprobetxatu dute.

Ez dira, noski, erakutsitako titulu bakarrak: ia 24 minututan Disney, Capcom, Rare, Sega edo Atlus bezalako erraldoien jokoak aurkeztu dituzte. Guztiak, zelan ez, Switch kontsolarako bertsioekin; gehienak urteko lehen seihilekoan kaleratuko dira, baina datarik gabe geratu diren hainbat ere egon badaude.

Ezagutu ditzagun interesgarrienak:

 

Grounded

Xboxen joko bat espero zen, gutxienez, aurkezpenean, eta Obsidian Interactive-n biziraupen jokoa agertu da. Tamaina erraldoieko mundua esploratzeari ekingo diogu bakarka zein lagunekin; izan ere, enpresa maltzur batek txikitu egingo gaitu, eta gure lorategiko arriskuei aurre egiten ibili beharko gara.

Esplorazioa, artisautza eta baliabideen bilketa mundu ezagun baina eraberrituarekin elkartzen ditu 2022an balorazio bikainak eskuratuta estreinatu zen Groundedek. Switcheko bertsioa apirilaren 16an ikusiko dugu.

 

Endless Ocean: Luminous

Atzo Endless Ocean berria ikusiko genuela zabaldu zen sarean, eta filtrazioa bete da. Endless Ocean: Luminousek itsaspera eramango gaitu beste behin. Urpekari lanetan ibiliko gara itsas hondoa esploratzen, arrainak aztertzen eta misterioak argitzen.

30 jokalarirentzako online ezaugarriak edukiko dituela iragarri dute arduradunek. Horrela, taldean ibil gaitezke igerian. Laster hasiko da gure urpeko bidaia: maiatzaren 2an estreinatuko da Switchean.

 

Shin Megami Tensei V: Vengeance

Bete den beste filtrazioa dugu Shin Megami Tenseirena. Switchean 2021. urtean estreinatuta SMT Vek behin betiko edizioa jasoko du Vengeance izenarekin. Jatorrizko JRPG abenturari denetariko edukiak gehituko dizkiola dirudi, protagonista berria eta guzti.

Ekainaren 21erako prestatzen dabiltza Atlusekoak, eta oraingoan ez da Nintendoren esklusiboa izango: Switchean zein PlayStation, Xbox eta PC gailuetan kaleratuko dute.

 

Ender Magnolia: Bloom in the Mist

Ender Lilies azken urteotako metroidvania jokorik arrakastatsuenetakoa da, eta horren jarraipena izango da Ender Magnolia. 2D abenturan homunkulu izakien laguntza jasoko dugu —hauek garaitu ostean, behintzat— hondatutako hiri misteriotsua zeharkatzeko.

Binary Haze Interactive-n lana aurten ikusiko dugu; zoritxarrez, ez dute eguna zehaztu.

 

Unicorn Overlord

Vanillaware eta Atlus japoniarren hurrengo obra handia da Unicorn Overlord. Martxoaren 8an merkaturatuko dute, baina aurretik jokatzeko aukera daukagu; izan ere, doako demoa kaleratu berri dutela jakinarazi dute.

Estrategia taktikoa eta kudeaketa nobela bisualen ezaugarriekin uztartuko ditu. Gure armada osatzen joan beharko gara mundua zeharkatzen eta misioak gainditzen ditugun bitartean.

 

Monster Hunter Stories

Capcomen Monster Hunterrek hainbat spin-off jaso ditu, baina maitatuenetakoa izango da Nintendo 3DS eramangarrian estreinatu zen Stories originala. Gaur egingo plataformetarako —tira, erdizka— berreskuratuko du enpresa japoniarrak: Switch, PC eta PlayStation 4 gailuek bertsio eraberritua jasoko dute.

Akziozko RPG ederra eta koloretsua biziko dugu berarekin. Nola ez, frankiziako munstro ezagunen aurka ariko gara: udan helduko dela diote Capcomekoek.

 

Disney Epic Mickey: Rebrushed

Klasikoen beste berregite bat dator Disneyen eskutik. Warren Spector erraldoiak —Deux Ex-en sortzaileak, alegia— zuzendutako Epic Mickeyn remake-a da Rebrushed: hiru dimentsioko plataformak proposatuko dizkigu sagu ezaguna kontrolatuz.

Pintzel magikoaren laguntzari esker kokalekuak eraldatzeko ahalmena lortuko dugu. 2024an merkaturatuko da, oraingoz, Switch kontsolarako bakarrik.

 

Star Wars: Battlefront Classic Collection

Disneyrekin jarraitzen dugu, baina girotzez zeharo aldatuta. Star Wars: Battlefront originalak benetan maitatuak dira komunitatearen artean, eta horiek birmasterizatuko ditu, aldi berean denetariko berritasunak gehituta.

Kit Fisto bezalako heroi berriak aipatu dituzte, baita borrokatzeko mapa gehiago ere. Laster hasiko gara 64 jokalarirentzako borrokekin: martxoaren 14an argitaratuko da Star Wars: Battlefront Classic Collection.

 

Super Monkey Ball Banana Rumble

Monkey Ball mitikoak abentura zeharo berria jasoko du laster Banana Rumblerekin. Beti bezala, bola barruan biraka dabiltzan tximinoak izango dira protagonistak: hauek gune eroetatik eraman beharko ditugu bananak biltzen, ahalik eta azkarren helmuga gurutzatzeko.

200 maila berri aipatzen dituzte Segakoek, eta lau jokalarirentzako modalitateak egongo dira. Ekainaren 25ean ikusiko dugu esklusiboki Switchean.

 

Penny’s Big Breakaway

Sonic Mania bikaina sortu zuten indie garatzaileek osatutako taldearen lana da Penny’s Big Breakaway. Kutsu klasikodun 3D plataforma abentura izango dugu: 40 mailetan zehar saltoka eta kolpeka ibiliko gara.

Atal estetiko ederrarekin estreinatuko da… gaur bertan!

 

Pepper Grinder

Aspaldian indarra hartu duen indie horietakoa da Pepper Grinder. Zulagailu erraldoia eskuan hartuta saltoka zein lurrazpitik ibiliko gara bi dimentsioko plataforma joko honetan.

Martxoaren 28an kaleratuko dute Switchean; eShop saltokira iritsiko da, digitalki.

 

Raren jokoak NSO zerbitzuan

Azken iragarpen handia Rare estudio britainiarraren klasiko —klasiko-klasikoen— maitatuen itzulera izan da. Nintendoren kontsola birtualak Killer Instinct, Battletoads in Battlemaniacs, R.C. Pro AM, Snake Rattle N Roll eta Blast Corps tituluak jasoko ditu.

Blast Corps Nintendo 64ko jokoa izanik, Expansion Pass harpidetzan soilik ikusiko dugu; gainerakoak oinarrizko zerbitzuan egongo dira.

Nintendo Direct Partner Showcase osoa ikus dezakezue jarraian:

Game Erauntsia facebook


Iruzkinak

Mesedez, sartu iruzkina utzi ahal izateko.

239
Kide

0
Jolasten

10
Online

Azken erantzunak

Lander Unzueta Oct. 24, 2024, 10:57 a.m.

Milesker, Ibai! Gogotsu hurrengorako, aurtengoaren emaitzak ikusita :D
Euskal Game Jam 2ak ezin ikusizko Euskal Herriko …

Ibai Aizpurua Oct. 22, 2024, 5:43 p.m.

Artikulu eta lan ederrak! Ea noiz antolatzen dugun Euskal Game Jam 3!
Euskal Game Jam 2ak ezin ikusizko Euskal Herriko …

Ibai Aizpurua May 29, 2024, 9:10 p.m.

Analisi ederra! Beti erosi eta jolasteko zerrendan izan dut. Hain laburra dela jakiteak puntuak irabazi ditu neretzat!
LEGO Builder's Journey

Beñat March 26, 2024, 8:15 p.m.

Erabat ados Journeyri buruz esandakoarekin. Ea laster Flower hasi eta bukatzeko aukera dudan, bere unean, lehen maila probatu besterik ez bainuen egi…
Journey: bizitza, bidai [Analisia]