2024ko azken hiruhilekoaren finantza txostena argitaratu dute japoniarrek. 53,7 milioi bideojoko saldu dituzte epe horretan.
Nintendok Switch kontsolaren eguneratutako salmenta zifrak eskaini ditu: 150,86 milioi gailu hibrido saldu zituzten 2024. urtea bukatu aurretik.
Azken finantza txostenean eskainitako datuen artean irakur ditzakegu kontsolaren salmentak; zehazki, 2024ko azken hiruhilekoaren datuekin gaurkotu dituzte orain arte ezagutzen genituenak.
Iazko urritik abendura bitartean 4,82 milioi Switch saltzea lortu zuen N handiak. Ez dira salmenta makalak, kontsolak dagoeneko zortzi urte dituela kontuan hartuta, baina 2023ko epe berarekin alderatuta, jaitsiera nabarmena ikusi dute: % 30 inguru, 2,08 milioi, gutxiago saldu dira.
Hori dela-eta, salmenten aurreikuspenak moldatzea erabaki dute Nintendokoek: egungo zerga urtean 11 milioi saltzeko asmoa dute orain, aurretik 13,5 milioi espero zituztenean. Betez gero, kontsolarik salduena izango litzateke Switch originala. Nintendo DSak 154 milioi saldu zituen bere garaian, eta, lehen postuan daukagu, 160 milioirekin, PlayStation 2a. Argi dago Nintendo medaila horren bila doala.

Aurten ez bada, denbora dauka garaikurrarentzat, bideojoko aldetik ere zifra ikaragarriak maneiatzen baititu: 53,7 milioi bideojoko saldu zituen 2024ko azken hiruhilekoan. Esparru honetan ere jaitsiera esanguratsua ikusten dugu, salmentak % 24 inguru murriztu baitira 2023ko epe berberarekin alderatuta.
Super Mario Party Jamboree izan da joan den urte amaierako argitalpenik arrakastatsuena Kiotoko enpresarentzat: 6,17 milioi ale saldu ditu festa jokoak. Atzean, zelan ez, Mario Kart 8 Deluxe nekaezina dauka: 5,38 milioi salmenta eduki ditu epe horretan, baina, guztira, 67,35 milioi joko saldu dituzte Switchean —MK8ren Wii Uko bertsioa kontuan hartuta 75,81 milioi ale saldu dituen arren—, hibridoaren titulurik arrakastatsuena izanik.
The Legend of Zelda: Echoes of Wisdom-ek, bestalde, 3,91 milioi joko saldu ditu irailean argitaratu zenetik. Nintendo Switch Sports daukagu laugarren postuan 2,63 milioirekin (15,74 milioi guztira). Mario & Luigi: Brothership-ek, bukatzeko, 1,84 milioi joko saltzea lortu du azarotik.
Datuokin, Nintendo Switcheko hemeretzi jokok gainditu dute milioi salmenten langa: hamabi Nintendorenak dira.
Switch 2aren zain
Aurten ikusiko dugun kontsola berria ere aipatzen dute finantza txostenean: Switch 2a 2025ean merkaturatuko du Nintendok.
Ez dute ezer berririk aipatzen: apirilaren 2an Nintendo Direct berezia egingo dute gailua xehetasun guztiekin aurkezteko, eta, ondoren, nazioarteko bira antolatu dute herrialde desberdinetan probatzeko aukera eskaintzeko.
Aurten jasoko ditugun bideojokoak ere zerrendatu dituzte. Switch originalerako iragarritakoak dira, baina Switch 2an ere funtzionatuko dutela gogoratu beharra dago: Metroid Prime 4: Beyond eta Pokémon Legends: Z-A dira oraingoz baieztatutako Nintendoren titulu handiak. Mario Kart berria prestatzen dabiltza Switcharen oinordekoarentzat, baina oraindik ez dakigu aurten jokatuko dugun.
Zurrumurruen arabera, apirilaren aurretik beste Direct aurkezpen bat ikus dezakegu: otsailean Nintendoren emanaldi berezia egongo dela aurreratu digute hainbat insider ezagunek. Egia balitz, aipatutako Switcharen azken jokoak zein bestelako ezustekoren bat iragartzea espero da, hirugarrenen jokoak ezagutzera emateaz gain.
Urteroko Pokémon emanaldiaren zain gabiltza, gainera: otsailaren 28an lehen bideojokoen japoniar estreinaldiaren urteurrena ospatzen dute, normalean, Pokémon Presents aurkezpenarekin.
Iruzkinak