Lau urtez kale egin ondoren, N Handia Kolonian egongo da bere bideojokoak aurkezteko. Abuztuaren 23tik 27ra bitartean irekiko ditu bere ateak ekimen europarrak.

Nintendo Gamescomean izango da 2023an, azokaren arduradunek baieztatu dutenez. Enpresa japoniarrak ekimenean parte hartuko du Nintendo Switch-eko bideojokoen iragarpenak jakinarazteko zein berritasunak erakusteko.

Zaleak ezustean harrapatu ditu albisteak; izan ere, Nintendo Alemaniako ekimen ezagunean 2019. urtean egon zen azken aldiz. Pandemiak bere eragina izan du horretan, baina, nola ez, E3 azokaren desagerraraztea aipatzen da sarean: bertan behera uzteko erabakia hartu aurretik Nintendokoek ezezkoa eman zuten. 2019a izan zen baita N Handiak Los Angelesen stand-ak jarri zituen azken urtea.

Hori bai, bertan jarriko dituzten obrak misterioa dira. The Legend of Zelda: Tears of the Kingdom aste batzuk barru estreinatuko da; Pikmin 4 uztailean iritsiko da kontsola hibridora; garapenean dagoela dakigun adibide bakarra desagertutako Metroid Prime 4 izango litzateke.

Beraz, aurreikustekoa da udan Nintendo Direct berezia prestatuko dutela Kiotokoek. Gamescomean eskainiko dituzten bideojokoak ezagutzera emateaz gain, agian Switcharen oinordekoa ezagutzeko unea izan daiteke; hainbat urte daramatzagu Switch 2-aren edo Pro-aren zurrumurruak entzuten.

Nintendorekin batera Xbox, Ubisoft, THQ Nordic, Koch Media, AMD nahiz industriako beste hainbat enpresa handi zein estudio txiki egongo dira Kolonian parte hartzen.

2023ko Gamescomak abuztuaren 23tik 27ra bitartean irekiko ditu bere ateak. Ohi bezala, aurkezpenak, erakustaldiak eta iragarpenak espero dira Kolonian. Aurretik, baina, Opening Night Live zuzenekoa ikusi ahal izango dugu: abuztuaren 22an lehen iragarpenak eskainiko ditu Geoff Keighley aurkezleak.