Aurkezpen digitalak etorkizun hurbilean Nintendoren kontsola hibridoan kaleratuko diren obra independenteak erakusteko balio izan du.

Nintendok garatzaile independenteei ahotsa emanez jarraitzen du. Indie World aurkezpen digitalek Switchera iristear dauden edo etorkizunean kaleratuko diren indie bideo-jokoak ezagutzera eman eta aldi berean arduradunei sakontasunean beraien lanei buruz hitz egiteko aukera eskaintzen die.

Beste batez Hollow Knight Silksong desiratuaren berririk jaso gabe geratu dira zaleak, baina halere bideo-joko interesgarrien zerrenda luzea prest eduki zuten Nintendokoek indien eszenak bizirik eta osasuntsu jarraitzen duela agerian uzteko asmoarekin.

Azken iragarpenetik hasita, zaleen artean oihartzun handiena eduki zuen jokoarekin bukatu zuten aurkezpena N Handikoek. Night School Studiok 2016an kaleratu zuen joko arrakastatsuaren jarraipena erakutsi zuen Indie World bukaeran ezusteko modura. Oxenfree II: Lost Signalsek protagonista berria izango du, Riley. Jatorrizko jokoaren istoriotik bost urte pasa dira abentura honetan; bere jaioterrira itzulita Rileyk irrati-uhin misteriotsu batzuk ikertu beharko ditu.

Argitaratze data zehaztu gabe, garatzaileek aurten kaleratzea espero dute. Nintendo Switchean egoteaz gain PCra ere helduko da Steam bidez. Lehen jokoa telesailean bilakatzeko lanean ere ari dira Night Schoolekoak.

Orain aste batzuk DotEmuk iragarritako Teenage Mutant Ninja Turtles: Shredder’s Revengek ere bere txokoa eduki zuen Indie Worldean. Ninja Dortoken beat ‘em up itxuroso honen gameplay gehiago ikusi ahal izan zen; Leonardo, Raphael, Michelangelo eta Donatellok inoiz baino itxura hobea daukate abentura klasikoak gogora ekarriko dituen joko honetan.

Teenage Mutant Ninja Turtles: Shredder’s Revenge ez da Switcheko esklusiboa izango: PC eta kontsoletan jokatu ahalko da etorkizunean.

Skate jokoak berpizkunde bat bizitzen ari direla esan daiteke. Tony Hawken remakeak, Session, Skate Bird edota Skate 4 bezalako lanak ikusten ari dira zaleak, eta orain saga ezagun bateko beste joko bat agertu da urrunean. OlliOlli World Roll7ren skate jokoen hirugarren atala da.

Hiru dimentsiotako estetika koloretsura igaroko dira joko berriarekin, baina ohiko mekanikak mantenduta: abidura bizian skateboardarekin trikimailuak egiten ariko dira jokalariak. Nintendoren aurkezpenean iragarri arren hau ere ez da Switcheko esklusiboa izango: baieztatutako plataformen artean PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series Xbox One eta PC ere daude. Urte bukaeran argitaratuko dela adierazi dute garatzaileek.

Modus Games prestatzen ari den Cris Tales RPG desiratuak badauka argitaratze data azkenean: uztailaren 20an estreinatuko da PCan, kontsoletan eta Stadian. Iragana, oraina eta etorkizuna bisitatuko dute jokalariek bi dimentsiotako estetika ederra duen rol joko tradizional honetan.

Enpresa japoniar ezagun bat bideo-jokoetara itzuliko da jatorriz NESerako jaiotako frankizia batekin. Konamiren Getsu Fuma Den: Undying Moon hiru zein bi dimentsioak batzen dituen akziozko RPGa izango da. Japoniar mitologiako girotzea ikusiko dute bertan jokalariek, eta hainbat munstro zein youkairen aurka egin beharko dute.

Lehenik eta behin Steamera iritsiko da akziozko jokoa: sarbide goiztiarrean jokatu ahalko da maiatzaren 13tik aurrera. Behin betiko bertsioa PC zein Switcherako prest edukitzea espero dute datorren urterako. Konamiren saga izan arren, GuruGuru garatzaile indiearen eskuetan egongo da atal berri hau.

Segak ere klasiko bat berreskuratzeko asmoa agertu du. House of the Dead tiro jokoa ahaztuta izan ez duen arren, azken atala, Scarlet Dawn, arkade makinetarako soilik kaleratu dute. Hala ere, Nintendoren aurkezpenean zonbien errailetako shooterraren lehen atalaren remakea aurkeztu zuten: Forever Entertainment estudioaren eskuetan egongo da garapena.

Jatorrizko jokoa birsortuko dute horrela, betiko mekanikak, etsaiak eta bikoizketa barregarria mantenduta. 2019an iragarri zuen garatzaile honek House of the Deaden remakeetan lan egiteko asmoa zeukala, baina orain arte isilpean aritu dira. Ordu hartan baieztatu zutenez, bigarren atalaren bertsio berria ere beraiek garatuko lukete.

House of the Dead Remake Switcherako soilik iragarri dute; aurten estreinatuko dela diote jokoaren Nintendoko orrialdean.

Aspaldiko joko bat iritsi da azkenik kontsola hibridora. Jatorriz 2012an estreinatutako FEZ arrakastatsua ustekabean kaleratu du Polytron Corporationek; dagoeneko Switchean jokatu daiteke. Puzzle eta plataforma joko koloretsu honek hainbat sari lortu zituen bere garaian, publiko zein kritika artean balorazio bikainak eskuratuta.

Beste hainbat bideo-joko independente batu zituen atzoko Nintendo Indie Worldak. Hemen duzue aurkeztutako lanen zerrenda osoa:

  • The Longing (Argitaratuta)
  • There Is No Game: Wrong Dimension (Argitaratuta)
  • FEZ (Argitaratuta)
  • Aerial_Knight’s Never Yield (Maiatzak 19)
  • Weaving Tides (2021eko maiatza)
  • Beasts of Maravilla Island (2021eko ekaina)
  • KeyWe (2021eko abuztua)
  • Cris Tales (Uztailak 20)
  • Ender Lilies: Quietus of the Knights (Uztailak 22)
  • Last Stop (2021eko uztaila)
  • Road 96 (2021)
  • Oxenfree II: Lost Signals (2021)
  • OlliOlli World (2021)
  • Teenage Mutant Ninja Turtles: Shredder’s Revenge (Laister)
  • Hindsight (2021)
  • GetsuFuma-Den: Undying Moon (2022)
  • Aztech Forgotten Gods (2021)
  • Skul: The Hero Slayer (2021)
  • art of rally (2021)
  • Labyrinth City: Pierre the Maze Detective (2021)
  • The House of the Dead: Remake (2021)