Switch kontsola hibridoan datozen hilabeteotan kaleratuko diren titulu independente interesgarrienak bilduko dituzte ekimenean.

N Handia bideojoko independenteei protagonismoa emateko asmoarekin dator berriro. Bihar bertan Indie World aurkezpena egingo dutela ezagutzera eman dute prentsa ohar baten bitartez.

16:00etan hasiko da zuzenekoa, eta 20 bat minutuko iraupena edukiko duela aurreratu dute japoniarrek. Ohi bezala, Nintendokoen Youtube kanal desberdinetatik jarraitu ahalko da.

Bertan erakutsiko dituzten lan independenteak zehaztu gabe geratu diren arren, bideojokozaleak dagoeneko hasi dira euren apustuak egiten; nola ez, Team Cherry-ren Hollow Knight: Silksong famatuaren zain daude asko. Dena den, Teenage Mutant Ninja Turtles: Shredder’s Revenge, Omori, Sea of Stars eta askoz gehiago ager daitezke aurkezpenean.

Esan bezala, maiatzeko Indie World bihar 16:00etan hasiko da.