Maiatzaren 28an kaleratuko da Intelligent Systems beteranoaren jokoa. 80 proba bilduko ditu: batzuk, doakoak, besteak, ordainpeko bildumakoak.

Nintendok Pictonico! aurkeztu du Android eta iOS gailu eramangarrietarako. Mikrojokoak ardatz dituen tituluak norbere argazkiak hartuko ditu probak sortzerako orduan.

Maiatzaren 28an estreinatuko da aipatutako plataformen saltoki digitaletan: Play Store zein App Store bidez aurki dezakegu, adibidez.

Gure buruaren argazkia atera, eta mikrojokoetako testuinguan txertatuko du Pictonicok. Proba bakoitzeko helburua desberdina izango da: ukipen pantaila erabilita, artoa jaten, momiei loturak biraka kentzen edo gure aurpegia duten haurtxoei gozokiak ematen ariko darela ikus daiteke bideoan.

WarioWare gogora ekartzen du, argi eta garbi: mikrojokoen formatua ez ezik, doinuek zein aurkezpen orokorrak Wario trauskilaren joko dibertigarriak ditu oinarri. Garatzaileak ikusita, ez da harritzekoa: Intelligent Systems taldearen lana da Pictonico, hainbat WarioWare jokoren sortzaileena, alegia —Nintendoren dozenaka titulu mitikorekin batera: Mario Bros. originaletik hasita, Fire Emblem, Paper Mario, Mario Kart eta beste hainbatetan lan egin dute—.

Guztira, 80 bat proba bilduko ditu Pictonicok. Batzuk debalde jokatzeko aukera egongo dela aurreratu dute Nintendotik, aplikazioa instalatzea doakoa baita; halere, joko osoan aritzeko ordaindu egin beharko da.

Mugikorretarako bideojokoak kaleratu badituzte ere, azkenaldian Android nahiz iOS alboratuta eduki du N handiak. Super Mario Run, Mario Kart World Tour, Animal Crossing: Pocket Camp edo Fire Emblem Heroes argitaratu dituzte 2016tik hona, besteak beste, baina arrakasta ez da espero bezalakoa izan Nintendorentzat.

Maiatzaren 28an iritsiko da Pictonico! gailu mugikorretara.