Kontsolarekin estrenatuko diren jokoak prestatzeko atzerapena jaso omen du. Zurrumurruek diotenez, zortzi hazbeteko LCD pantailadun gailua prestatzen ari da Nintendo.

Nintendo Switcharen oinordekoa uste baino beranduago estreinatuko litzateke. VGC, EurogamerBloomberg eta beste iturri batzuek aldarrikatzen dutenez, Nintendok 2025eko lehen hiruhilekoan merkaturatuko du Switch 2 kontsola.

Iturrietako bat Pedro Henrique Lutti Lippe kazetari brasildarra da; Luttik dioenez bost iturri desberdinek baieztatu diote informazioa. Bestalde, Nintendorekin lan egiten duten hirugarren enpresek dagoeneko atzerapenaren berri izan dutela nabarmentzen dute VGCk zein Bloombergek.

Izan ere, orain aste batzuk 2024 bukaeran estreinatuko zela aipatzen zuen Bloombergek. Itxura batean hori zen Nintendoren asmoa, baina azken datuen arabera, japoniarrek “berezko software aproposagoa” prestatzeko berandutu dute estreinaldia; hau da, kontsolak baino, bideojokoek behar dute denbora estra.

“Kontsolaren argitalpena datorren urtera mugitu da”, dio Eurogamerrek, oraindik urte fiskalaren barruan estreinatuko dela azalduz. Erabakia “Switch 2aren merkaturatzean ahalik eta titulu gehien eskaini ahal izateko hartu da”.

VGCk, berriz, kontsola berrirako jokoak garatzen dabiltzan bi iturrirekin hitz egitea lortu du. Tituluok datorren urte hasieran estreinatzea aurreikusita daude, beraz merkaturatze datari lotutako informazioarekin bat egingo lukete.

Zurrumurruak alboratuz eta espekulazioan murgilduz, Nintendok Switch originalarekin erabilitako egutegia errepika daiteke. 2017ko martxoaren 3an kaleratu zuten kontsola hibridoa; hortaz, oinordekoaren estreinaldia antzeko datetan ematea aproposa izango zen.

Bloombergek urtarrilean argitaratu zuen albistean aipatzen zenez, Switch 2ak bere aurrekariaren ezaugarri hibridoak mantentzen jarraituko luke. Zortzi hazbeteko pantaila izango omen du, baina OLED pantaila alboratuko lukete berriz LCDra itzultzeko.