N handiaren gailu berria ekainaren 5ean merkaturatuko da. Switch originalaren oinarri berberak mantenduta, are gehiago eskaini nahi die nintendozaleei.
Nintendo Switch kontsola arrakastatsuaren oinordekoa iritsi da. Switch 2 izenarekin, formatu hibridoa errepikatzera dator, aurrekoaren gakoak zein funtzionalitateak errepikatuz.
Prezioaren gaia ahalik eta lasterren argitzea komeni da: 469,99 eurotan estreinatu da gailua; 509,99 eurotan, Mario Kart World berriarekin batera erosita.
Kontsola eramangarria nahiz mahaigainekoa da ekainaren 5ean iritsi den Switch 2a. Itxura batean alboetan aginteak dituen tableta bada ere, dock izeneko periferikoari esker telebistara edo beste pantailetara konekta daiteke, jokalariarentzako moldaerraza izanik; gainera, dakarren idulkiarekin kontsola edozein tokitan jar dezakegu.
Planteamendua berbera izanik, zer aldatzen da aurrekoarekiko? Tamaina, hasteko. Switch 2aren pantaila 7,9 hazbetekoa da —originalarena 6,2 hazbetekoa zen, eta OLED bertsioarena 7koa—: bere horretan, 1080p-ko bereizmena eta segundoko 120 irudiko tasa eskaintzen ditu pantailak. LCDa da, OLED pantaila beste baterako utzita, baina HDR euskarria dauka. Dock ofizialera konektatuta, ordea, 4K bereizmeneraino iristen da Switch 2a, 60 fps-ko tasarekin batera.
Joy-con aginteetan ere aldaketa esanguratsuak nabariko ditugu. Magnetikoki konektatzen dira Switch 2ra —ondo eutsiko dutela diote japoniarrek—, eta ordenagailuen sagu modura erabil daiteke, giroskopioarekin batera denetariko funtzionaltasunak ahalbidetuta. Palanken zein SL eta SR botoien tamaina areagotu direla azaldu dute arduradunek, joy-con originalen inguruko kexei erantzunez.
Biltegiratzea ere areagotuta ikusiko dugu: 256 GBeko memoria eman diote Switcharen oinordekoari, originalak 32 GBeko biltegiratzea zeukan bitartean.
Mandoetan C botoia aurkituko dugu orain. “Komunitate botoia” dela esan dezakegu: ahots zein bideo txata, jokoa partekatzeko aukerak eta askoz gehiago eskainiko dizkigu. Kontsolaren mikrofonoa erabil dezakegu hitz egiteko eta gure bideoa partekatzeko aukera ere egon badago kameraren bitartez.

GameShare izeneko ezaugarriarekin tokiko multijokalarirako pentsatutako bideojokoak sarera eramango ditugu; hortaz, joko bakarra beharko dugu etxeko zein kanpoko lagunekin multijokalarian aritzeko.
Errendimendua ere aregotzen da, Nvidia enpresak Switch 2arentzako bereziki sortutako txiparekin kalitate handiagoko bideojokoak mugitzea ahalbidetuz. Metroid Prime 4: Beyond, esaterako, segundoko 120 irudiko tasan mugi dezake kontsolak. Cyberpunk 2077 ez da beste kontsola indartsuagoetan edo PCan bezain ongi ikusiko, baina Switch 2a bezalako eramangarri batek mundu irekiko munstro honi eustea ez da lorpen makala.
Bideojokoen zaparrada
Kontsola berri bat ez da ezer bideojoko erakargarririk gabe, noski. Erabiltzaileak pozik egoteko katalogo sendoa prestatu du Nintendok estreinaldirako, etxeko zein hirugarrenen tituluez osatutakoa.
Ez dugu Mario iturginaren plataforma jokorik edo The Legend of Zelda abentura berririk jasoko, oraingoz. Japoniarrek ez dituzte behar begirada guztiak harrapatzeko: erabateko protagonista, inolako zalantzarik gabe, Mario Kart World dugu.
Mundu irekian zehar lasterketetan parte hartzea da saga beteranoaren azken atalaren berrikuntzarik handiena: perretxiko erresuman zein bere inguruetan ariko gara beste 23 gidariren aurkako lasterketa zoroak bizitzen. Bideojokoa arrakasta hutsa izatea espero da; izan ere, Mario Kart Nintendoren frankiziarik sonatuenetakoan bilakatu da, MK 8 Deluxe atalak 68,20 milioi salmentak gaindituta.
Hirugarrenen enpresek gogotsu hartu dute gailu berria, PlayStation 5, Xbox Series edo PC plataforma indartsuagoetan azken urteotan argitaratutako jokoak Switch 2ra port-etatuta. Cyberpunk 2077: Ultimate Edition, Hogwarts Legacy, Yakuza 0, Deltarune, Street Fighter 6, Split Fiction, Hitman World of Assassination, Sid Meier’s Civilization VII edo Suikoden I&II HD Remaster dira, besteak beste, kontsolaren merkaturatze egunean jokatu ahalko ditugunak.
Estreinaldirako ez badira iritsiko ere, Nintendok hainbat bideojoko handi dauzka esku artean: Donkey Kong Bananza uztailaren 17an estreinatuko da Switch 2an; Pokémon Legends: Z-A urriaren 26an ikusiko dugu kontsola berrian zein aurrekoan; plataforma bietara iritsiko da, baita, Metroid Prime 4: Beyond desiratua aurten; amaitzeko, urte bukaerarako Hyrule Warriors: Age of Imprisonment agindu digute, eta Kirby Air Riders ere 2025ean jasoko dugula dirudi.

Etorkizunera begira, esklusibo interesgarriak ikusiko ditugu Nintendorenean. Handiena, ziurrenik, industriako estudiorik baloratuenetakoan bilakatu den FromSoftware japoniarraren obra berria da: The Duskbloods abentura multijokalaria garatzen dabiltza Dark Souls edo Elden Ring —hau ere Switch 2ra dator— ikaragarrien sortzaileak.
Dagoeneko meme izaera hartu duen Hollow Knight: Silksong itxurosoa ere helduko zaigu… noizbait. Nintendoren kontsoletan indarra hartu duten indie jokoen eszenako adibiderik ezagunenetakoa da Team Cherry taldearena, baina obra independenteek sekulako pisua edukitzen jarraituko dute kontsola berrian.
Testuaren hasieran prezioaren afera kentzeko gogoa bazegoen ere, bideojokoen prezioak eztabaida sutsua sortu du bideojokozaleen artean. Duela urte batzuk 60 euro balio zuten jokorik handienek —AAA tituluek—; azkenaldian, baina, 70 edo 80 euro balio izatera heldu dira, eta horrela balioko dute Switch 2ko obrarik gehienek.
Nintendok beste jauzi bat eman du, ordea, estreinaldirik desiratuenarekin: Mario Kart World fisikoan erosi nahi izanez gero, 90 euro —89,99€, zehazki— ordaindu beharko ditugu. Edizio digitalaren kasuan, 80 eurotan saltzen dute. Kontsolarekin batera, baina, egoera asko aldatzen da, 40 euroren truke eskura baitezakegu.
Argi dago prezio igoeraren harrera probatzen dabiltzala. Bideojokalariek sarean aldarrikatutako erantzuna ezkorra izan da; dena den, bideojokoaren salmentak ikaragarriak izatea espero da, eta, aurreikuspenak betetzen badira, kexek ez dute baliorik edukiko. Are gehiago, gainerako enpresek ere bide berbera hartu eta prezioak oraindik gehiago areagotzeko aitzakia ezin hobea daukate.
Beste polemikatxo bat: fisikoki erositako zenbait bideojokok ez digute kartutxoa ekarriko. Horren ordez, jokoa digitalki deskargatzeko kodea (Game Key-Card) jasoko dugu kaxa barruan. Gorrotagarria edizio fisikoen maitaleentzat.
Retrobateragarria
Erosita ditugun bideojokoak berrerabiltzea da Switch 2aren beste gakoetako bat. Switch originaleko ia bideojoko guztietan —15.000 baino gehiagotan— jokatu ahalko dugu iritsi berri den gailuan. Zenbaitek akatsak omen dituzte, edo ez dute funtzionatzen, zuzenean: zerrenda desberdinak prestatu dituzte webgune ofizialean.
Horrez gain, Nintendoko bideojoko zaharrak hobetzen dituzten eguneratzeak jasoko ditugu. Kasu batzuetan, doakoak izango dira, bereizmena edo segundoko irudien tasa (fps) areagotuta. Beste hainbatetan ordainpeko gaurkotzeak ikus ditzakegu, jokoaren arabera eduki desberdinak inplementatuta: Super Mario Party Jamboree-k minijokoak zein modalitateak jasoko ditu, esaterako, eta Kirby and the Forgotten Land-ek kanpaina berria abiatuko du espantsio bati esker.
Nintendoren klasikoak gehitu behar zaizkie guzti hauei. Nintendo Switch Online harpidetza zerbitzuaren baitan NES, Game Boy, SNES, Sega Mega Drive, Nintendo 64 edo Game Boy Advance kontsoletako jokoen katalogo zabala daukagu. Switch 2ak, gainera, beste gailu baten jokoetan aritzeko aukera gehituko du: Nintendo GameCube mitikoaren katalogoa jasoko du, The Legend of Zelda: Wind Waker, SoulCalibur II eta F-Zero GX titulu maitatuekin hasita.
Nintendoren berpizkundea oztopatu gabe
N handiaren ibilbidean sortzeko eta eraldatzeko gogoak izan dira nagusiak. Jokatzerakoan zerbait berria probatzea edo sentitzea: hor ditugu Nintendo Wii-aren aginte berezia, Nintendo DSaren pantaila bikoitza, edo 3DS oinordekoaren hiru dimentsioko pantaila. Aspaldiko partez, baina, gailu berrian ez dugu ezaugarri edo trikimailu bitxirik ikusiko japoniarren aldetik.
Ez da harritzekoa, 2017. urtean merkaturatutako Switch originala Nintendoren berpizkundearen gakoa baita. Aurtengo martxoa bukatu aurretik 152,12 milioi Switch saldu dituztela jakinarazi dute azken finantza txostenean; egun, hirugarren bideokontsolarik salduena da —eta zerga urtea bukatzen denerako bigarrena izatea aurreikusten dute, Nintendo DSa gaindituz—. Itzulera ikaragarria, aurreko kontsola, Nintendo Wii U-a, porrot hutsa izan zela kontuan hartuta.

Hori horrela, Switch 2arekin ez dira arriskatu, eta aurreko belaunaldian horren ondo funtzionatu dien formula errepikatu guran datoz. Erabaki aproposa dela dirudi, konpetentziak ere antzekoa egin nahi baitu: zurrumurruen arabera, PlayStation nahiz Xbox kontsola eramangarriak prestatzen dabiltza. Ordenagailuen munduan eskuko PCak indarra hartzen ari dira, bitartean, Valve-k sortutako Steam Deck interesgarriak lideratutako gailu sorta zabalarekin.
Udako aurkezpenak
Bideojokoen festa hasi besterik ez da egin. Switch 2a heldu berri bada ere, ekaina hilabete garrantzitsua izaten da zaletasun honen jarraitzaileentzat; izan ere, udako bideojokoen aurkezpen eta ekitaldi handi gehienak egunotan jarraitu ahalko ditugu.
Los Angelesko E3 (Electronic Entertainment Expo) azoka ezaguna jada ez da existitzen, baina bere inguruan ikusten genituen ekimenek eta iragarpenek bizirik dihardute. Egun, Summer Game Fest delakoaren babespean antolatzen dira gehienak: aurkezpen nagusia ekainaren 6an 23:00etatik aurrera jarraitu ahalko dugu YouTube zein Twitch plataformetan, baina ostean bestelako indie ekitaldiak antolatu dituzte.
Microsoft-ek antolatzen duen Xbox Game Showcase izaten da egunotako emanaldirik garrantzitsuenetakoa. Ekainaren 8an, 19:00etan hasiko dute. Xbox Game Studios markako garatzaileek sortutako bideojoko handiak biltzen dituzte bertan, baina hirugarrenen enpresen zein indien obra ugari ere ikusi ohi dira. Gainera, Xboxek multiplataformara jauzia eman du guztiz: hortaz, Nintendorentzako zein PlayStationentzako tituluak ere pasako dira bertatik.
Wholesome Direct, Women-Led Games, Mix Summer Games Showcase, PC Gaming Show… esan bezala, asko dira jarraitu ahalko diren emanaldiak. Nintendo Switch 2 kontsolarentzako berritasun ugari ikusiko ditugu hauetan, baita beste plataformentzako iragarpenak ere.
Iruzkinak