Azken asteotako zurrumurruetako batzuk zuzenak izan direla ikusi dugu kontsolaren aurkezpenarekin. Zer gehiago entzun dugu?
Kostata, eta, zaleak erotuta, baina Nintendok Switch 2 kontsola aurkeztu du ofizialki. Diseinu eta ezaugarri hibridoekin errepikatzera datozela ezagutu dugu, baita 2025ean merkaturatuko dutela ere. Hortik aurrera, baina, zalantza eta misterio mordoa utzi dizkigu N handiak.
Horrenbesterako al da, ordea? Filtrazioen eta aurrerapenen munduan buru-belarri sartuta daudenek zurrumurru ugari ekarri dizkigute azken hilabeteotan. Halako informazio iturriak kontu handiz hartzen ditugu Game Erauntsian; dena den, egia da atzoko iragarpenarekin entzunda eduki genituen zurrumurruetako asko bete direla, diseinu orokorrarena barne.
Entzundakoak errepasatzea interesgarria izan daiteke, hortaz, ziur zabaldutakoetatik hainbat kontu egiazkoak direla-eta. Hasi aurretik, goazen Nintendoren eskutik ofizialki jasotako datuak aztertzera.
Switch 2: zutabe berberak hobetuz
N handiaren estrategietako bat harritzearena izan da urte luzez. Bideojokozaleak zein urrunago geratzen zitzaizkien erosleak erakartzeko asmoz, ezaugarri bereziak inplementatu dituzte beraien kontsoletan.
Nintendo Wii-a dugu adibiderik argiena: agintearen zein bestelako osagarrien kontrol mota bereziekin, edozeinek goza zezakeen gailua merkaturatu zutela aldarrikatzen zuten japoniarrek, sekulako arrakasta lortuta. Nintendo DSaren bi pantailak, 3DSaren hiru dimentsioko funtzioak… eta Wii Uaren tabletoagintea, denetarik ikusi dugu ordutik hona.
Azken horrekin ez zituzten esperotako salmenta eduki… ideiari bigarren buelta bat eman arte. Switcha Wii Uaren oinordekoa dela esan daiteke hainbat zentzutan, nahiz eta proposamen hibridoarekin Nintendoren altxortxoak izan diren kontsola eramangarrietara hurbiltzea bilatzen zuten. Game Boy, Game Boy Advance, Nintendo DS eta Nintendo 3DS kontsolak dira euren ezagunenak, zergatik ez dute joko bide hartatik?
146 milioi Switch baino gehiago saldu dituzte. Zifra ikaragarria da, baina, are ikaragarriagoa, beste kontsolekin alderatuta: Game Boy —GB Color barne— edo Wii gailuen salmentak arazo handirik gabe gainditu ditu Switchak. Aurretik geratzen zaizkio Nintendo DSa eta PlayStation 2; ikusi beharko, baina agian horien gainetik bukatuko du hibridoak, hurbil baitabil.
Hori ikusita… zergatik aldatu? Switch 2ak egungo kontsolaren proposamen berbera ekarriko digu: tablet itxurako gailuari bi joy-con aginte konektatuko zaizkio, alboetan zein haririk gabeko funtzionalitatearen bidez. Noski, bere akoplagailuarekin (dock-arekin, alegia) telebistara konektatzen jarrai dezakegu, mahaigaineko kontsolan bilakatuz jokoak pantaila handian gozatzeko.
Berritasunak
Diseinua oso antzekoa bada ere, aldaketa interesgarriekin dator Switch 2a. Nabarmenena, tamaina da: aurkezpen bideoan nahiko handiagoa dela ikus daiteke, baina ez daukagu datu ofizialik.
Zurrumurruak bai, ordea: 8 hazbeteko pantaila daukala entzun dugu zenbait iturriren eskutik; originalak berriz, 6,2 hazbetekoa dauka, eta 7 hazbetekoa, OLED bertsioak. Hori kontuan hartuta, gailu berriak 4,5 hazbeteko altuera eta 10,7 hazbeteko luzera edukiko dituela pentsa daiteke, aginteak barne.
Pantaila, tamalez, LCDa dela dirudi. Switch OLED bertsioak irudi kalitatea nabarmen hobetzen du, baita bateria ere… baina hori bigarren modelo baterako utziko dute berriz, antza. Pantailaren bereizmenari buruz denetarik entzun dugu: gehienek 720p-ko bereizmena mantenduko duela diote, baina ez daukagu argi.
Ikusitakoarekin jarraituz, joy-con aginteak konektatzeko modu berria egongo da, errailak alboratuta. Imanekin egingo dugu, aspalditik entzuten gabiltzan moduan: joy-con erdian kokatutako zirrikitutik lotuko dugu kontsolara. Bigarren USB-C sarrera ere ageri da bideoan, baita eskuineko aginteko botoi misteriotsua ere: C botoia deitzen zioten filtrazioek, baina ez dugu halakorik ikusi. Erabilerari dagokionez, komunitateko ezaugarrientzat —Community botoia, alegia— dela entzun dugu, baina auskalo.
Zutituta mantentzeko euskarri handia dakar bigarren Switchak: OLEDaren antzekoa, baina pixkat itxurosoagoa. Akoplagailua, berriz, txikiagoa izango da kontsolaren aldean, borobilxeagoa.
Joy-conetara itzulita, funtzionalitate bitxiarekin etor daitezke: sagu bezala erabili ahalko ditugu. Ez dakigu jokoetara bideratu nahiko duten, baina aurkezpen bideoan mahai gainetik arrastatzen dira aginteak, saguen moduan…
Indartsua ote?
Hardware zehaztapenen zerrenda ofizialik gabe, ezin indarrari buruz hitz egin… baina hemen jokatzeko gaude. Nvidia-ren Tegra T239 prozesadore berezia daramala filtratu zen aspaldi. Memoriaren harira, 12 GB RAMekin etorriko litzateke. Dakigunagatik, horiei esker PlayStation 4 edo Xbox One mahaigaineko kontsolen parera jarriko litzateke Nintendoren txikia, kontsumo eta energia mugak kontuan hartuta.
Proposamen hibridoarekin Nintendoren altxortxoak izan diren kontsola eramangarrietara hurbiltzea bilatzen dute.
Kontsola haien garaitik hona gauza asko aldatu dira: bereizmenaren eskalatze teknologiak, adibidez. Nvidiarekin etorriko litzatekeenez, DLSS edo antzeko eskalatze ezaugarriaz baliatuko omen da Switch 2a; hau da, errendimendu hobea eskainiko du bereizmen kalitate handiarekin batera, baina kontsolari gutxiago eskatuta. Telebistara konektatuta 4Kra iristeko aukera aipatzen dute batzuek, eta, izan daiteke, jokoaren arabera.
Hori dela-eta, gaur egungo joko multiplataforma ugari Nintendotik igarotzea aurreikusten dugu. Enpresa handiek ahalegin nabarmenak egin zituzten pentsaezinak ziren jokoak Switch originalera eramateko —The Witcher 3, Hogwarts Legacy edo Doom Eternal, esaterako—. Egungo belaunaldiko jauzi grafikoa pixkat xumeagoa izan dela kontuan hartuta, PS4rako eta Xbox Onerako joko ugarirekin, Switch 2rako port gehiago ikusteko aukera dagoela pentsatu nahiko genuke.
Joko berriak…
Switch 2rako tituluak aipatzen hasita, ofizialki ezagutzen duguna aipatu beharko da. Mario Kart misteriotsuaren lehen irudiak ikusi ditugu iragarpenean: segundo gutxi batzuetako bideoan joko berriaren aurrean gaudela ikus daiteke.
Asko zalantzati zebiltzan, estetikoki horren ezaguna den Mario Kart 8 Deluxe-n oso antzekoa baita, baina pertsonaiek diseinu berriak dituzte —cartoon-agoak, nolabait esatearren, ikusi Donkey Kong berria—, eta basamortuan girotutako zirkuitu guztiz berria ere ikusi dugu. Esamesen lurraldean sartuko gara orain, lasterketaren hasieran 24 gidarirentzako prestatutako kokalekuak baitaudela ikus daiteke-eta: aldibereko jokalarien muga areagotuko ote dute?
Mario Kart berria aurten kontsolarekin batera merkaturatuko dutela pentsa dezakegu… baina auskalo: Super Mario Odyssey Switch originalaren lehen irudiekin batera ikusi genuen antzeko estiloan, eta kontsola argitaratu ostean urte erdi itxaron behar izan genuen jokatzeko.
…baita zaharrak ere
Horretaz gain, Switch 2ak Switch originalarekiko retrobateragarritasuna bermatu du berriz. Shuntaro Furukawa Nintendoko presidenteak aipatu zigun duela hilabete batzuk, baina aurkezpen bideoan berriz baieztatu dute, datu garrantzitsu bat utzita: kartutxo fisikoek zein eShop bidez erositako joko digitalek balioko digute kontsola berrian —kontsola birtualeko eskaintzak bere horretan jarraituko duela uler daiteke—.
Gaur egungo joko multiplataforma ugari Nintendotik igarotzea aurreikusten dugu.
Aurreko belaunalditik hartutako katalogo interesgarriarekin iritsiko zaigu kontsola berria, beraz. Hori bai, “ez dute joko guztiek funtzionatuko”: ikusi beharko, baina ziurrenik osagarri bereziak eta bestelakoak erabiltzen dituztenak kanpoan geratuko dira: Ring Fit Adventure edo Nintendo Labo, adibidez.
Retrobateragarritasunarekin batera 2025erako iragarritako Switcheko joko handiak iritsiko dira, noski, oinordekora: aurten Metroid Prime 4 edo Pokémon Legends Z-A argitaratzeko asmoa dauka Nintendok. Zalantzarik handiena bertsioei dagokiena da: joko hauen bertsio orokor bakarra kaleratuko dute, ala Switch 2rako berezitasunak dituzten port-ak ikusiko ditugu?
Horri lotuta, Switch originaleko jokoek kalitate hobearekin funtzionatuko al dute kontsola berrian? Ez litzateke harritzekoa izango bereizmen handiagoan edo segundoko irudien tasa altuagoan mugitzea; 2023ko Gamescom azokan ate itxien atzean eskaini zuten proba teknikoan, diotenez, The Legend of Zelda: Breath of the Wild erabili zuten, hobetutako kalitatearekin. Erakustaldi hutsa izan zitekeen, baina ea zer duten esku artean: originalak hainbat joko mugitzeko sufritzen duela ondo baino hobeto jakinda, zoragarria izango litzateke.
Noiz helduko da... eta zenbat balioko du?
2025ean erosi ahalko dugu, esan bezala, Switch 2a. Data zehatza misterio hutsa da, hori bai. Apirilaren 2rako iragarri duten Nintendo Direct berezian merkaturatze data adieraziko dutela pentsatu gura dugu, beste xehetasun guztiekin… baina beste batzuk ere baditugu.
Izan ere, Nintendokoek nazioarteko bira iragarri dute kontsola berria zuzenean probatu ahal izateko. Apirilaren 4an hasiko dira New Yorken zein Parisen, eta, gutxienez, ekainaren 1era arte iraungo du birak, egun horretan Seultik igaroko baitira. Euskal Herritik hurbilen geratuko den probaldia Madrilgoa izango da, maiatzaren 9tik 11ra.
Switch 2ak Switch originalarekiko retrobateragarritasuna bermatu du.
Biraren kokaleku gehiago iragarri behar dituzte oraindik; hala eta guztiz ere, oraingoz zehaztutako azkena ekainean denez, hilabete horretan merkaturatze ofiziala emateko aukera handiak daude. Ostean uda garaian sartuko gara: uztaila zein abuztua hilabete geldoak izaten dira bideojokoentzat, beraz ez dugu uste orduan ikusiko dugunik. Ez badugu ekainean jasotzen, urte bukaerara itxaron beharko da, ziurrenik.
Prezioa da beste zalantza handia, noski. Gaur egun Switch OLEDak 350 euro balio dituela ikusita, Switch 2a are garestiagoa izango dela pentsatzeko arrazoiak ditugu: 400 eurotako prezioan merkaturatuko dela irakurri dugu hainbat insiderren aldetik. Prezio egokia dirudi, baina agian garestiagoa izan daiteke.
Indar betean
Jatorrizko Switcharekin hartutako erabaki egoki guztiak errepikatzera datoz Nintendokoak. Askotan hanka sartu duen enpresa izateko, oraingoan ez daukate zalantzarik; zuzenena izango dela pentsatzen dut.
Proposamen hibridoarekin jarraitzea gakoa da, gainera. PlayStation eta Xbox noizbait eramangarrien munduan sartzeko asmoarekin dabiltzala entzun dugu azkenaldian, baina Nintendok berriz aurrea hartu die, retrobateragarritasunaren aitzakiarekin orain arteko jokalariak mantentzeko helburuarekin.
Zehaztapen ofizialak garrantzitsuak izango dira beste belaunaldi oso bat ganoraz igarotzeko: pentsa, egungo kontsolak zortzi urte beteko ditu aurten. Are pisu handiagoa edukiko dute, zalantzarik gabe, bideojokoek, eta misteriorik handiena dira.
Dena den, ilusio handiarekin hartu dugu Switch 2aren iragarpena. Ez da ikusgarriena izan, datu gehienak aldez aurretik ezagutzen genituen… baina zenbait gako aztertuta, Nintendo bide onetik doala dirudi. Laster ikusiko dugu.
Iruzkinak