Apirilaren 29an estreinatuko da Wii Sports ospetsuaren jarraipena. Eduki gehigarriak ekarriko dituzten eguneraketak jasoko ditu.

Nintendokoek beren hurrengo joko handiaren xehetasun guztiak ezagutzera emateko trailerra prestatu dute. Nintendo Switch Sportsek batuko dituen kirol modalitateetako ezaugarriak eta joko motak bildu dituzte ia zazpi minutuko aurkezpenean.

Tenisa, chambara (ezpaten borrokak), boloak, futbola, badmintona eta boleibola izango dira kirol jokoko protagonistak. Futbolak eskainiko dituen aukerak luze erakutsi dituzte: bakarkako edo laukotekako partidak jokatu ahalko dira; golak sartzen goazen heinean atea txikitzen joango da, partidei zirrara puntua gehitzeko. Joy-con agintea hankara lotzea posible izango da bertsio fisikoan gehituko duten euskarri berezi bati esker: horrela hankako mugimenduak jokoan erreproduzituko dira.

Boloetan joy-con aginteak erabilita ohiko efektuak eta bestelako tiro bereziak erabili ahalko dira, esate baterako; hala ere, berritasun interesgarriak iragarri dituzte: erronka bereziak eskainiko dituzten pistak egongo dira, adibidez.

Boleibolean jokatzeko keinu bidezko kontrol guztiak erakutsi dituzte gainera; antzekoa egin dute badminton partidetako aginteekin. Chambaran Wii Sportsen ikusitako ezpata borroken antzekoak ikusiko ditugu; oraingoan, ordea, bi ezpatekin batera aritu ahalko da.

Kirol guztietara sareko zein tokiko multijokalarian jokatzeko aukera eskainiko dute. Sare bidez kontsola bakoitzean bi jokalarik parte har dezakete; tokiko multijokalarian, berriz, kontsola berean lau pertsona aritu ahalko dira. Sailkapenak ere bilduko ditu Switch Sportsek: partidak irabazi ahala E mailatik A mailara igoko gara.

Nola ez, gure pertsonaiak pertsonalizatzeko aukera edukiko dugu. Estilo eraberrituko avatarrak prestatu dituzten arren, gure betiko Mii pertsonaiekin jokatzen jarrai dezakegu.

Apirilaren 29an kaleratuko da Nintendo Switch Sports N Handiaren kontsola hibridoan. Dena den, behin titulua merkaturatuta, honetan lanean jarraitzeko asmoa erakutsi dute Nintendokoek; izan ere, udazkenerako kirol modalitate berria gaineratuko diote bideojokoari: golfa.