Asteburu honetan jokatu ahalko da Nintendoren kirol frankiziako atal berrira. Bertan aurkituko diren kirolen zerrenda zehaztu gabe utzi dute.

Azken Nintendo Direct aurkezpenean ikusi genuen lehen aldiz Nintendo Switch Sports; 1-2-Switch jokoaren jarraipena izango zela aurreratu zuten askok, baina azkenik Wii-an hasitako frankizia arrakastatsuaren eta dibertigarriaren atal berria dela jakitera eman zuten. Kaleratu aurretik sareko proba egingo zutela adierazi zuten japoniarrek: dagoeneko bertan parte hartzeko izen ematea abiarazi dute.

Proba hau Nintendo Switch Online zerbitzuaren harpidedunentzat soilik izango da. Hauek otsailaren 19an eta 20an probatu ahalko dute kirolen titulua: japoniarren helburua “ezaugarri tekniko desberdinak aztertzea eta jokoaren kalitatea hobetzea” izango da.

Izen ematearen prozesua nahiko berezia dela nabarmendu beharra dago: MyNintendo webguneko orrialde honetan proba hautatu beharko da —ordainsari bezala aurkezten dute bertan, doakoa den arren—.

Behin hau eginda, ematen diguten kodea eShop saltoki digitalean erabili beharko da jokoa aktibatu eta deskarga hasteko. Prozesu bitxia, saltokian zuzenean egin daitekeen zerbait izan ahalko zenean.

Online harpidetza beharrezkoa den arren, probara bakarka jokatzeko aukera dago: “Nazioarteko Jokoa” deitutako joko motan lagun batekin zein gure kontura jokatu ahalko dugu. Bertan batuko duten kirolen zerrenda zehaztu gabe utzi dute, baina suposatzekoa da guztietara jokatzeko aukera egongo dela: tenisa, chambara (ezpaten borrokak), boloak, futbola, badmintona eta boleibola egongo dira.

Hori bai, proban parte hartzen dutenek ezingo dute irudirik ez bideorik publikoki partekatu. Proba hainbat saiotan banatuko dute asteburuan: 45 minutuko bost saio izango dira guztira. Hemen doaz guztien ordutegiak:

Larunbata, otsailak 19

  • 04:00-04:45
  • 12:00-12:45
  • 20:00-20:45

Igandea, otsailak 20

  • 04:00-04:45
  • 12:00-12:45

Nintendo Switch Sports apirilaren 19an estreinatuko da kontsola hibridoan.