NES Remix tituluek egin modura, hainbat jokoren desafio desberdinak eskainiko ditu Switch-ean.

Nintendo World Championships: NES Edition aurkeztu du N handiak. 1990. urtean Nintendo America-k abiatutako txapelketa ospetsuan bizitako erronkak berreskuratzera bideratutako bilduma uztailaren 18an estreinatuko da.

NES kontsolako hamahiru bideojoko klasiko bereganatuko dituzte: Balloon Fight, Donkey Kong, Excitebike, Ice Climber, Kid Icarus, Kirby’s Adventure, Metroid, Super Mario Bros. 1, 2, 3 zein The Lost Levels eta The Legend of Zelda originala nahiz The Adventure of Link.

Hori bai, ez ditugu joko osoak ikusiko, hauen pasarteetan oinarritutako desafioak baizik, txapelketako jokoan egin bezala. Speedrun modalitatea da izar nagusia: erlojupean SMB originaleko lehen perretxikoa ahalik eta azkarren batzea, Zeldako octorok izakiak suntsitzea edo Metroideko atea igarotzea proposatuko zaizkigu, besteak beste.

150 erronka agintzen dituzte japoniarrek; gainera, astero proba bereziak gaineratzen joango dira. Hauei gatza eta piperra emateko online sailkapen taulak prestatu dituzte. Tokiko multijokalaria ere ikusiko dugu: zortzi jokalarik elkarren aurka joka dezakete NWCren desafioetan.

Wii U eta 3DS kontsoletan estreinatutako NES Remix jokoen jarraipena dela esan dezakegu, modu batean. Hauetan ere Nintendoren lehen kontsolako jokoetan oinarritutako desafioak gainditu behar genituen.

Uztailaren 18an argitaratuko da Nintendo World Championships: NES Edition Switch kontsolan. Digitalki eskainiko dute, baina edizio fisiko berezia ere erosi ahalko da My Nintendo Store saltokian: txapelketaren irabazleek jaso zuten urrezko kartutxo mitikoarekin —ezingo dugu jokatzeko erabili— eta beste hainbat oparirekin iritsiko da.