2023ko zerga urtearen finantza datuak kaleratu ditu Kiotoko enpresak. Pokémon Scarlet eta Violet izan dira epeko titulurik salduenak.

Switch kontsola hibridoak 125 milioi gailu baino gehiago saldu ditu 2017an merkaturatu zenetik. 2022ko apiril eta 2023ko martxo bitartean, zehazki —hau da, azken urte fiskalean—, salmentak 17,97 milioi kontsolakoak izan dira.

Horrela adierazi dute Nintendokoek 2023ko zerga urtearen txostenean. Etekinak % 10 jaitsi dira aurreko urteko emaitzekin alderatuz. Ez da harritzekoa, antzekoa gertatu baita Switcharen datuekin: salmentak % 22 murriztu dira 2022ko urte fiskaletik.

Hiru Switch modeloen artean, azken hilabeteotako arrakastatsuena OLED berriena izan da: 11 milioi pasata saldu dituzte. Oso hurbil dauka, baina, bertsio arrunta, ia 8 milioi gailurekin. Nola ez, Switch Lite mugatua da salmenta eskasenak lortu dituena, 3 milioi gaindituta.

Datuokin Switchak historiako hirugarren kontsolarik salduena izaten jarraitzen du: bere aurretik daude Nintendo DS eramangarria (154 milioi) eta PlayStation 2 txapelduna (155 milioi baino gehiago).

Egungo zerga urtera begira, Nintendokoek hauengana hurbiltzea aurreikusten dute; izan ere, 15 milioi gailu gehiago saltzea espero du Kiotoko taldeak. Asko jota, Shuntaro Furukawa presidenteak aitortzen duenez, “salmenten indarra mantentzea zaila” izango baita.

Hori aipatuta, zenbateko horretan ez dute hardware mota berririk zerrendatzen: ez Switch hobeturik, ez oinordekorik. Beraz, momentuz kontsola berriaren argitalpena isilpean mantentu nahi dute N handikoek.

 

Pokémon eta Splatoon, erregeak

Beti bezala, bideojokoen salmenta datuak ere eskaini dituzte finantza dokumentuan. 2023ko zerga urteko txapelduna, zalantzarik gabe, Game Freak taldearen Pokémon Scarlet eta Violet bikotea da: 22,10 milioi joko saldu dituzte.

Atzetik ditu Splatoon 3 tiro jokoa (10,67 milioi) eta Nintendo Switch Sports kirol titulua (9,60 milioi). Aurten kaleratutako lanen artean, Fire Emblem Engage (1,6 milioi) zein Metroid Prime Remastered (1,09 milioi) daude, baina horien salmentek gora egitea espero da.

Saldutako milioi aleen langa gainditu dute, hori bai: Nintendo Switchak guztira hori lortu duten 35 titulu dituela azpimarratzen du Nintendok, berezko garatzaileen 22 eta kanpoko estudioen hamahiru. Jokorik salduenak aipatzen hasita, Mario Kart 8 Deluxe dago lehen postuan 53,79 milioirekin. Bigarrenik, Animal Crossing: New Horizons-ek 42,21 milioi saldu ditu. Hirugarren postuan dago, berriz, Super Smash Bros. Ultimate, 31,09 milioirekin.

Etorkizunera begira jarrita, ez ditugu begiak askorik nekatu behar hurrengo eztanda handia ikusi ahal izateko. Bihar bertan estreinatuko da The Legend of Zelda: Tears of the Kingdom; Nintendokoen aurtengo jokorik handiena, inolako zalantzarik gabe.

Zeldaz gain, 2023rako Pikmin 4 dute estreinaldi handien artean. Ez dago askoz gehiago, ordea: Pokémon Scarleten eta Violeten eduki gehigarriak nahiz Mario Kart 8 Deluxen zirkuitu berriak aipatzen dira txostenean.

Suposatzekoa da uda aldera bideojoko berrien iragarpenak ikusten hasiko garela Nintendoren aldetik. Ez bada horrela, kontsola berriaren zabalkunderako prestatzen hasiak direla barneratzen hasi beharko gara.