PS5ek The Nioh Collection jasoko du: sagako bi jokoen bilduma izango da. PS4rako bigarren jokoaren eduki guztiak batzen dituen edizio berezia prestatzen ari dira.

Koei Tecmoren samurai eta munstroen abenturaren jarraipena PlayStation 4rako estreinatu zen joan den martxoan. Orain, Nioh 2 PlayStation 5 zein PCrako iritsiko dela jakitera eman dute japoniarrek.

PlayStation 5aren kasuan The Nioh Collection bilduma bitartez kaleratuko da. Nioh 2 edukitzeaz gain Nioh originala ere eskainiko du bilduma horrek. Bi jokoak birmasterizatuta egongo dira Sonyren kontsola berrirako: 4K-ko bereizmena eta segundoko 120 irudiko tasak agindu dituzte garatzaileek. Gainera, PS4ko gordetako partidak PS5era eraman ahalko dira.

Bestalde, PCra iritsiko den bertsioa Nioh 2 The Complete Edition izango dela adierazi dute. “Behin betiko” edizio honek hobekuntzak eta hiru DLCak ekarriko ditu.

4K-ko bereizmena, pantaila ultra zabalentzako euskarria, HDR zein 144Hz-ko pantailekin erabiltzeko aukera eta 120 fps-tara arteko tasak baieztatu dituzte arduradunek. Ez hori bakarrik, teklatu eta saguarekin jokatu nahi dutenek kontrolak pertsonalizatzeko ezaugarria edukiko dute.

Nioh 2 The Complete Edition PlayStation 4an ere kaleratuko da. PS4ko bertsioa dutenek doan jasoko dute PS5eko jokoa.

Esan bezala hiru DLC batuko ditu behin betiko edizioak, baina azkena oraindik argitaratu gabe dago. The First Samurai deitutako eduki gehigarriak sagako erronkarik gogorrenetarikoak gehituko ditu.

Aipatutako bertsio guztiek argitaratze data berbera dute: datorren urteko otsailaren 5ean merkaturatuko ditu Koei Tecmok.