Ion Lands estudioak bizitza simulazio abentura argitaratu berri du ordenagailuetan.

Nivalis Nights estreinatu du 505 Games argitaletxeak. Cyberpunk girotzearekin, ohiko tiroak zein zientzia fikzio gaiak alboratu, eta jatetxeak nahiz bestelako negozioak kudeatzera eramango ditu jokalariak.

Itsasoan kokatzen den cyberpunk hiri erraldoiko biztanle izanik, bere kaleak eta txoko guztiak esploratu beharko ditugu, aldi berean. Izan ere, gainerako herritarrekin hitz egitea, gure negozioetarako produktuak merkatuetan aurkitzea, zein hiriaz gozatzea proposatzen ditu Nivalis Nightsek, salerosketara soilik mugatu beharrean. Biztanleak ezagututa, gure harremanek gora egingo dute, negozioak indartuta, eta, aldi berean, maitasun gaiak ere jorratzeko aukerarekin.

Lanean hasterakoan, baina, denetariko lokalak antolatzeaz arduratuko gara: ramen postu xumeetatik hasita, jatetxe handiak edo gaueko klub biziak hartuko ditugu. Hauek atontzeko eta apaintzeko lana ere burutu beharko da, nahi bezalako diseinuak hartuta; gauza bera egingo dugu, gainera, gure etxebizitzarekin. Hiriko barruti bakoitzean negozio desberdinak erosi ahalko ditugu; hortik abiatuta, gure esku egongo da langileak kontratatzea, soldatak ezartzea, eta irabaziak eskuratzea.

Irakurritakoak irakurrita, bizitza simulagailuen oinarriak jarraitzen dituen joko atsegin baten aurrean gaudela dirudi. Horrelaxe izan daiteke, baina girotzea da Nivalis berezia egiten duena: atal grafiko ederrarekin —PC indartsua eskatzen du, jokatu dutenen arabera—, hiri bizi, eder baina dekadentea prestatu dute Ion Landseko egileek.

Ordenagailuetan merkaturatuta —Steam eta Epic Games Store bertsioak ditugu—, garatzaileak akatsak zuzentzen dabiltza une honetan, jokalarien feedbackari jaramon eginez. Etorkizunera begira, Nivalis Nights kontsoletara eramateko aukera aipatzen dute.