Port-ak garatzen adituak dira Utrecht-eko estudioko kideak; Sony-ren joko gehiago PC-ra eramateaz arduratuko direla aurreikusten da.

PlayStation erosketetan murgilduta dabil. Aste honetan Returnal eta Resogun bikainen arduradunak diren Housemarque estudio finlandiarra bereganatu duela iragarri ondoren, Nixxes Software holandarrarekin gauza bera egin duela ezagutzera eman dute Utrecht-eko garatzailearen webgunetik.

Nixxesek bideo-joko propioak garatu beharrean, PC eta kontsola desberdinetarako port-ak egiteaz arduratzeagatik da ezaguna. Azkenaldian Marvel’s Avengers-en belaunaldi berriko kontsoletako bertsioetaz arduratu dira, baina orokorrean PC-rako kalitate handiko portak egiteagatik ezagutzen da estudioa: beraien esku egon ziren azken Tomb Raider-en zein Deus Ex-en ordenagailurako bertsioak, esate baterako.

Hori jakinda, eta PlayStationek bere jokoak PCra eramateko asmoa behin eta berriro agertu duela ikusita, Nixxes PlayStation Studios-eko lanak ordenagailuetara eramateko arduraduna izango dela suposa daiteke. Orain arte Horizon Zero Dawn eta Days Gone bezalako lanak argitaratu dituzte PCrako, baina Sonyren inbestitzaileentzako barne txosten batean Uncharted 4 ere ordenagailuetara eramango dutela zehaztu zuten PlayStationekoek. Prentsa oharrean adierazten dutenez PlayStation Studios Technology, Creative & Services Group deitutako departamentuan hasiko dira lanean.

"Nixxes baliabide indartsua izango da PlayStation Studios osatzen dutenentzat", adierazi du Hermen Hulst PlayStation Studioseko arduradun nagusiak. "Gure taldeei daukaten helbururik garrantzitsuena betetzen lagunduko diete, PlayStationen eduki berezia ahalik eta kalitaterik onenean sortzea".

PlayStationen aldetik are estudio gehiago bereganatzea espero da. Izan ere, Housemarque erosi zutela iragartzerakoan PlayStation Japan-etik Bluepoint Games ere bereganatu zutela jakitera eman zuten irudi baten bidez, baina denbora gutxi igaro ondoren irudia ezabatu egin zuten sareetatik. Beraz datozen egunetan gutxienez Bluepointen erosketaren berri ematea aurreikusten da.