Prozeduralki eratutako herriak ere gehitu dituzte Hello Games-ekoen lanean. Adiskideak egin, liskarrak konpondu eta zure etxea babestu eduki gehigarri honetan.

Harrigarria badirudi ere, 2016an arazoz eta kritikaz betetako argitalpena eduki zuen No Man´s Sky espazioko abenturak bideo-jokalari guztien zalantzak argitu eta hasiera batean agindutako obra izatera iritsi da edukiz betetako eguneraketei esker. Orain, Hello Games estudioaren jokoak are ezaugarri gehiago gaineratu dituen Frontiers DLC-a jaso du.

Herrixkak dira 17. doako eguneraketa honen ardatz nagusia. Jokoaren galaxietako munduek prozeduralki sortutako herri estralurtarrak edukiko ditu oraindik aurrera.

Bertan etxeak ez ezik, bizitzaz betetako komunitate txikiak ere aurkituko dituzte jokalariek. Are gehiago, herrixka hauetako buruan bilakatzeko aukera izango dute horiek kudeatu eta hedatzen laguntzeko.

“Herrixkako biztanleek zuregana joko dute kudeaketarako, diruzaintzarako, erabaki politikoetarako eta liskarren konponketarako”, azaldu du Sean Murray bideo-jokoaren zuzendariak PlayStation Blog-ean argitaratutako artikuluan. Aurkitutako herrixkak txikiak izango dira hasiera batean, baina jokalarien laguntzarekin horiek hazi egingo dira, eraikin berriak eraikita.

Izan ere, horretarako pieza berri mordoa gehitu dituzte garatzaileek, eraikitze lanetarako menu eraberrituarekin. Borrokak ere biziko dira kokaleku berri hauetan, eta abenturazaleen lana izango da herrixkak babestea.

Bost urteren ondoren, No Man’s Sky PC, PS4 eta Xbox One plataformetan argitaratu dute Hello Gameseko arduradunek. 17. eguneraketa hau ez dela azkena izango agindu dute, “bidaiak aurrera darraiela” ziurtatuta.