Izarrak lagunartean esploratzeko aukera berriak, misioak eta dueluak gehitzen ditu Hello Games-en jokoaren 4.5 adabakiak.

No Man’s Sky hobetzen eta handitzen jarraitzen du Hello Games taldeak. Omega eguneraketarekin are publiko zabalagoarengana iritsi nahi dute; horretarako, doan jokatzeko aukera eskainiko dute gaurtik otsailaren 19ra arte.

PC zein PlayStation, Xbox eta Switch bertsioetan abiatu dute doako proba: datorren asteleheneko 19:00etan bukatuko da.

Izarrarteko espedizio berria proposatuko digute adabakiarekin; zehazki, lagunekin partekatzeko abentura izango dela diote egileek.

Hala ere, espedizioak osorik eraberritu dituztela azaldu dute euren webgunean: dagoeneko hasitako partidetatik abia ditzakegu orain, lortutako ontziak eta tresnak erabilita. Ez hori bakarrik: gure hornidurak eraman ditzakegu espedizio hauetara, eta gainditzea lortzen badugu, ordainsariak partida originalean jasoko ditugu.

Espedizio izena duten arren, kanpaina osoak dira No Man’s Skyren barruan. Eguneraketa berriarekin Space Anomaly Lobby gunetik hasiko ditugu orain. Omega jokoaren hamabigarren espedizioa da; izen horrekin azkena izan daitekeela dirudi.

Interesgarriagoak dira, agian, planetetan hasiko ditugun misioak. Prozeduralki eratutakoak izan arren, planetari, klimari eta estralurtarren nortasunari lotutako betebeharrak dira.

Espazioko duelu berriak biziko ditugu, gainera. Ontzi erraldoien aurka egingo dugu gure espazio ontzi txikietan, baina, behin hauek garaituta, gainera igoko gara kontrola hartzeko.

2016an merkaturatu zenean izandako hasiera kaxkarra kontuan hartuta, lan bikaina egin du Sean Murray sortzailearen taldeak No Man’s Sky berpizterako orduan. Dozenaka eguneratzek eta adabakik hasiera batean agindutako abentura eratzeko balio izan dute, galaxia aberatsa eta multijokalari sakona eskainita.

Omega eguneraketa dagoeneko estreinatu da No Man’s Skyn. Esan bezala, doako proba otsailaren 19ra arte gozatzeko aukera edukiko dute jokalariek.