Travis Touchdown-en azken abentura udazkenean estreinatuko da Switch-eko bertsioari hainbat hobekuntza gaineratuta.

XSEED argitaletxeak No More Heroes III porteatzen ari dela jakitera eman du sare sozialetan. Zehazki. PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One eta PC plataformetarako bertsioak sortzen ari da.

Nola ez, bertsio berri hauek era guztietako hobekuntzekin etorriko dira. XSEEDekoen arabera, “kalitate handiko grafikoak, segundoko irudi tasa bizkorragoak eta karga denbora murriztuak” ikusiko ditugu port hauetan. Eskertzeko aldaketak, Switchari jokoa mugitzea kostatzen baizitzaion. Ez dirudi atal teknikotik harantzagoko berritasunik ikusiko dugunik, ordea.

Wii kontsolan hasitako frankiziaren azken atalean berriz kontrolatuko dugu Travis Touchdown zoroa. Oraingoan bere helburua FU printze kosmikoari aurre egitea izango da; horretarako, baina, aurretik galaxia arteko klasifikazio batean gora egin beharko du arerio desberdinak garaituz. Ezpata borrokak, suplex-ak eta une benetan zirraragarriak biziko ditugu abenturan zehar.

Modu horretara, 2021ean kaleratutako Switcheko jokoa gainerako plataforma handietara iritsiko da. Grasshopper Manufacture arduratu zen berriz Travis Touchdown maitatuaren jokoa garatzeaz.

Bertsio berriak, kontsolen kasuan behintzat, edizio bereziarekin ailegatuko dira gainera: kaxa berezia, matrikula plaka, soinu banda fisikoa eta gehiago bilduko ditu.

Argitaratze data guztiz zehaztu gabe, udazkenerako argitaratuko dutela agindu diote XSEEDekoek.