Moon Studios-etik “independentzia osoa” eskuratu dutela jakinarazi dute, bideojokoaren eskubideak Take Two-rengandik berreskuratu ostean.
Moon Studios taldeak No Rest for the Wicked ARPGaren aurretiazko sarbidea hobetzen jarraitzen du. The Breach eguneratze handiarekin askotariko berrikuntzak eta edukiak gaineratuko dizkiote apirilaren 30ean.
“Orain arteko gaurkotzerik handiena” izango da, egileen esanetan. “Denetarik gehiago” prestatu dute: kanpaina handituz, misioak, kokalekuak, arerioak zein buruzagiak aurkituko ditugu The Breachen.
Aurkezpena Wicked Inside bideoarekin egin dute: 25 minututan garapenaren egoera azaldu, eta zinematikak nahiz jokagarritasun bideoak eskaini dituzte.
Gure pertsonaia mota eraikitzerako orduko jarraipena ere aldatu dute, jokalarien iritziei jaramon eginez, sistema sinpleagoa eta dibertigarriagoa prestatzeko: etsaiek utzitako ekipamendua gure mailaren araberakoa izango da orain, eta ekipamendu berbera indartuta aurki dezakegu jokoan aurrera egin ahala, gunekako objektuak alboratuz.
Horri lotuta, bizitza kalitateari lotutako askotariko hobekuntzak zein aldaketa txikiak ikusiko ditugu. Besteak beste, kutxetan objektu gehiago gordetzea edo etxera teleportatzeko aukera aipatzen dituzte. Otorduak kudeatzeko sistema aldatu dute, gainera: ezingo dugu inbentarioan gordeta daukagun guztia jan dueluetan parte hartzen gabiltzala.
Soinu banda izan da aurkezpeneko beste izarretako bat; izan ere, Gareth Cooker musikagilearekin elkarlana abiatu dute, beste behin, No Rest for the Wickeden abestiak osatzeko. Hau da, Ori sagako konpositorearen doinuak entzungo ditugu berriro.
The Breachek, ikusi bezala, eduki ugari ekarriko ditu, baina etorkizunera begira jarraitzen dute Moon Studiosekoek. Hurrengo eguneraketa handian kooperatiboa gehitzeko asmoa iragarri dute: berez apirileko adabakiaren aurretik kaleratu behar zuten ezaugarria da, baina, jokalariek eduki gehiago izatea gura zuten. Lau jokalari elkarrekin ibili ahalko dira jokoko misioak gainditzen.
Kooperatiboa gehituta, No Rest for the Wicked hedatzen jarraitzea da helburua, hasteko, plataforma gehiagotara eramanez. PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan merkaturatzea aurreikusten dute, oraingoz.
Bukatzeko, bideojokoa argitaratzeko “independentzia osoa” daukatela ezagutarazi dute arduradunek. Take-Two enpresaren Private Division indie jokoen argitaletxearekin akordioa hitzartu zuten No Rest for the Wickeden aurretiazko sarbidea kaleratu aurretik, baina eskubide guztiak Moon Studiosenak dira orain. Diotenez, taldeak “nahi duen ikuspegia inolako mugarik gabe” eskaintzeko aukera eskuratu du.
No Rest for the Wickedek iazko apirilean hasi zuen early access ibilbidea. The Crucible izeneko lehen eguneratze handia jaso zuen uztailean; apirilaren 30ean argitaratuko duten The Breach da bigarren adabaki nagusia.
Ikuspegi isometrikodun ARPG dinamikoa da: Dark Souls, Diablo eta beste hainbat obra ditu inspirazio iturri. Isola Sacra erresumara bidaiatuko dutu Cerim protagonistarekin izurrite arriskutsu bati aurre egiteko asmoarekin; hala ere koroak eta elizak beste asmo batzuk dituzte.
No Rest for the Wicked PCan joka dezakegu aurretiazko sarbidean. Behin betiko bertsioa, baina kontsoletan ere argitaratuko du Moon Studiosek.
Iruzkinak