PC eta PS5 gailuetara iritsiko da lehenik; beranduago, Switch 2 eta Xbox Series bertsioak jasoko ditu Moon Studios-en tituluak.
No Rest for the Wicked aurretiazko sarbidea atzean uzteko prestatzen ari da. Moon Studios taldeak State of Play emanaldian jakinarazi duenez, 1.0 eguneratzea urrian argitaratuko da.
Early access fasea ordenagailuetan bakarrik gozatu ahal izan da, baina behin betiko bertsioa Sony-renean ere kaleratuko da urrian; hau da, PC eta PlayStation 5 gailuetan jokatu ahalko da No Rest for the Wickeden. Etorkizunean, Switch 2 eta Xbox Series kontsoletarako port-ak ere egongo direla baieztatu dute Ori sagaren egileek.
Eguneratze handiarekin batera aldaketa handiak ikusiko ditugu. Hamabost eskualde baino gehiago, 60 orduko iraupena edukiko duen abentura, etsai, arma, armadura eta objektu mordoa egongo dira. Ikuspegi isometrikoa duen soulslike estiloko bideojokoa prestatzen dabiltza: ezpatakadak, magia, saihesteak eta kontraerasoak nagusiak izango dira munstroz eta piztiz betetako mundu ilunean.
Askatasuna eta aniztasuna nagusi izango direla azpimarratzen dute garatzaileek: “Arma berbera duten bi jokalari ez dira berdinak izango”. Hori esanda, multijokalari aukerak ere ikustekoak dira: lau lagun elkarrekin ibil daitezke Sacra erresumako bazterrak esploratzen, plataforma arteko jokoa (crossplay) nahiz gordetako partidak (cross save) ahalbidetuz.
Joko bukaera osterako erronkak eta probak ere agindu dizkigute Moonetik, oraindik gehiago bilatzen duten jokalariei zuzendutako edukiekin.
2024ko apirilean hasi zuen aurretiazko sarbidearen ibilbidea No Rest for the Wickedek. Tartean arazoak bizi izan baditu ere, orokorrean balorazio baikorrak jaso ditu probatzen ibili direnen eskutik. Urrirako jokoa borobiltzea lortuz gero, aurtengo estreinaldi handien artea kokatzea lor dezake.
Lander Unzueta
Iruzkinak