Nocturnal 2023ko ekainaren 7an Sunnyside Games garatzaile taldeak sortu eta Dear Villagers argitaletxeak kaleratutako bideojokoa dugu. Nintendo Switch, Playstation 5 eta Xbox Series X/S kontsoletarako dago eskuragarri, zenbait kasutan formatu fisikoan. Ordenagailuaren kasuan, Steam eta GoG saltokietan aurki daiteke, jokoaz gain, soinu banda zein arte-liburu digitala ere salgai daude.

2D joko lineala da Nocturnal, Plataforma, borrokak eta maila txiki batean buru-hausgarriak uztartzen dituena. Sua menperatzeko mekanika berezi bat ezartzen du, arriskutsua den iluntasuna uxatzea baimentzen duena.

 

Lanbro ilunak sorgindutako uhartera itzuliz

Itsaso gaiztotu bat zeharkatuz bidaia zail bat izan ondoren, Ardhesir, Sugar Iraunkorra maneiatzeko gai den soldadua, bere jaioterria den irlara iritsiko da. Nahran izeneko irla honetan misteriotsua zein arriskutsua den zerbait gertatu da. Iluntasunez egindako behe-laino batek ia uharte osoa inguratu eta bildu du, argiztatuta zeuden toki gutxi batzuk salbu.

Ardhesirri, abentura honek hainbat erronka nagusi suposatuko dizkio, eta guztiei erantzuna ematen saiatuko da. Hasteko Arsia aurkitu nahi du, bere arreba txikia, bizirik egon daitekeen senide bakartzat baitauka protagonistak. Gainera, bera bezala, Sugar Iraunkorra menperatzeko gai diren beste gerlariekin zer gertatu den jakin nahi du, uhartean kaosa nagusi dela baitirudi. Amaitzeko, behe-laino ilunaren jatorria aurkitu eta deuseztu nahi du, denbora nahikoz biltzen dituen bizidunak menperatu, itxuraldatu eta gaiztotzen dituela uste baitu.

Behin jokoa bukatuta, bere edozein kapitulu hautatu ahalko dugu.

Nocturnal 2D joko sinple baina entretenigarri bezala aurkezten zaigu. Jokoa erabat lineala da, kasuren batean ezkutatuta dagoen gelaxka edo bide laburren bat badauka ere. Bidean zehar hainbat plataformetan zehar jauzi egin beharko du Ardhesirrek, iluntasunetik sortzen diren arerioen aurka borrokatu beharko du eta gainera, zenbait buru-hausgarri osatzeko hauen funtzionamendua ulertu ere bai.

Aipatutako erronkei erantzuteko, suaren erabilera berebizikoa izango da. Sugar Iraunkorraren teknikaren maisu bezala, sua babestu beharko du eta hau mantentzen duen bitartean botere gehigarria izango du eskuragarri. Hasteko, lanbro iluna uxatzeko balioko dio ezpata sutan izateak, bestela, denbora tarte labur batean, behe-lainoak inguratu egingo du eta Ardhesirrenak egingo du.

Fenixaren aldareetan bere botereak hedatu eta indartuko ditu protagonistak.

Sarritan, lainoak inbaditu duen eremua berreskuratu beharko du, horretarako hormetan eskegita dauden suzi itzaliak piztu beharko ditu. Esan bezala, Ardhesirrek su-iturri bati emandako kolpe bakar batez piztu dezake bere ezpata, hau sutan dagoen bitartean kolpe batez piztu ditzake itzalita dauden suziak. Piztutako suziak su-iturri berri eta iraunkorrak bilakatuko dira, iluntasuna aldenduz eta sua berriz behar izatekotan, eskuragarriago dauden aukerak eskainiz.

Jokoa erabat lineala da, kasuren batean ezkutatuta dagoen gelaxka edo bide laburren bat badauka ere.

Abenturan zehar potoetan zein ontzietan eta arerioak menperatzean aurkituko dituen errautsek bere Sugar Iraunkorraren ahalmenak hedatuko dituzte. Fenixaren aldareetan errauts hauek erabiliz, abilezia-zuhaitzak Sugar Iraunkorraren iraupena eta Ardhesirren mugimendu abiadura bezalakoak hobetzeko balioko du. Baina, errauts nahiko bilduz gero, botere handiagoak ere eskainiko ditu. Suzko uhina edo suzko ezpataren eraso konbinazioa hauetako pare bat baino ez dira.

Garrantzitsua da aipatzea, botereok ezpata sutan daukan bitartean bakarrik erabili ahal izango dituela protagonistak. Beste tresna garrantzitsu bat zera da, beranduxeago lortuko duen sastakai edo laban txikia, zehaztasunez ia edonora jaurti ahal izango duena. Amaierarantz, suaren indar areagotua ere ezagutuko dugu, jostagarritasunean berrikuntzaren bat sartzen duena.

Sugarra bizirik mantentzeak berebiziko garrantzia bereganatuko du.

 

Sugar Iraunkorraren maisu bakarra irla osoa argitzeko

Suaren ahalmenak garrantzia handia bereganatzen du, baina soldaduaren berezko abileziek ezartzen dute abiapuntua. Ardhesir ezpataz erasotzeko gai da eta jauzi egiteko ere bai. Lurrean zein airean egiteko gai den bulkadak borroka zein plataformen arteko mugimenduak erraztuko dizkio. Gainera, suzko erasoak egiteko ahalmena dauka, baita hau erabiliz bere zauriak sendatzeko ere. Beste zenbaiten artean, 360°ko esparruan labana jaurti dezake, sua piztuta izatekotan, hau profitatuko duena.

Jauzika edo suaren erabilera eskatzen duten buru-hausgarriak askatzen ez dabilenean, lanbro ilunetik arerioak agertuko zaizkio Ardhesirri. Etsaiek modu nahiko argian erakusten dute erasotzera doazela, behin erritmoa hartuta eraso dantza azkar eta interesgarriak eskaini ditzake jokoak.

Hala ere, ez da inoiz oso konplexua izatera helduko, eta, botere nahikoak dituenean, orokorrean ez ditu guztiak erabili beharko. Aurkakoen artean aniztasun nahikoa dago jokoaren tamaina kontuan hartuz, erasotzeko modu ezberdinak erabiltzen dituzte eta bakoitza garaitzeko modu errazagoak daude.

Urrunetik zein hurbiletik erasoz, etsaiek ez dute Ardhesirrekiko gupidarik izango.

Lantzean behin etsai bereziren bati egin beharko dio aurre, hauek osasun puntu gehiago dauzkate, eta eraso bereziak egingo dituzte. Orokorrean, nahiko erraz uler daitezke arerio nagusi hauen mugimenduak eta sua duen bitartean bere osasunaren zati bat berreskuratzeko ahalmena izateak asko errazten du, honek sua itzaltzea dakarren arren.

Behin erritmoa hartuta eraso dantza azkar eta interesgarriak eskaini ditzake jokoak.

Grafikoki, Nocturnal maitekiro egindako bideojoko txikia da. Urrunean ikusten diren atzealdeko paisaiak zein hurbileko irudiak eskuz egindako marrazkiak dira. Ez dira aberatsak kolore aniztasunean, nahita kolore paleta murriztua aukeratu dela esan daiteke. Beharbada, adierazgarritasuna irabazteko asmotan egindakoa da, etsaien erasoek hau profitatzen dute, estimulu gutxirekin, nahiko argi geratzen baita noiz erasotuko duten.

Batzuetan argiak eta iluntasunak, ura eta olioa nahastea bezalako emaitza emango dute.

Zenbait jokalarik diote, hautatutako estetikak 1989ko Prince of Persia ezagunera gerturatzen duela jokoa. Hala ere, Nocturnal-ek goibeltasun eta iluntasun misteriotsua gehitzen ditu. Izan ere, lanbro ilunari indar handia ematen dio bideojokoak antagonista bezala. Batzuetan, intentzio txarrez den-dena inguratu nahi duen laino bezala agertuko da. Beste zenbait ataletan, fluxu geldo zein izaera lodiko materia bezala azalduko da, ikusgarritasun handia lortuz. Suak kasu bietan egingo dizkion talkek ere une ikusgarriak eskainiko dituzte.

Garatzaileek speedrun modua gehitu zuten, helburu honekin jolastu nahi zutenek errazago izan zezaten. Horrez gain, Steam Deck gailuarentzat ofizialki egiaztatua izan da eta arazorik gabe joka daiteke tresna hau erabiliz.

Atal artistiko zaindua dauka luzera laburreko jokoa izan arren.

Borrokak, plataformak eta buru-hausgarri sinpleak bilatzekotan, Nocturnal hiru ordurako entretenimendua eskain dezakeen artelana dugu. Suaren eta iluntasunaren arteko borroka islatu nahian, eskuz ondo marraztutako 2D abentura sinple eta eramangarria aurkeztuko du. Gaur egun, Steam saltokian iruzkindu duten jokalarien iritzien bataz bestekoak %89ko puntuazio positiboa adierazten du.