Katana Zero bezalako 2D titulua gogorarazten ditu pixel art landuarekin. Honki Games taldeak 2027an kaleratuko du Steam-en.
Honki Games indie estudioak Noir Bloom ezagutzera eman du. Gun-fu —hau da, pistolak eta kung-fu borrokak— ardatz dituen akziozko abentura frenetikoa prestatzen dabiltza sortzaileak.
Mamu zuriaren rola jokatuko dugu, mendekua zutabe nagusi duen istorio odoltsua bizitzeko. Bi dimentsioko pixel art landuarekin, koreografia eta dantza ikusgarri bilakatuko diren dueluetan parte hartuko du gure protagonistak. Borrokak ukabilkadekin hasiko direla dirudi, saihesteak eta kontraerasoak erabilita, baina, etsaien armak lapurtzeko gaitasunarekin, azkar batean eraldatuko dira.
Hori bai, bizitza galtzea ere erraza izango denez, mugimendu guztiak kalkulatutakoak izan beharko direla diote egileek. Estetika zein jokagarritasun aldetik 2019an kaleratutako Katana Zero zoragarria gogora ekartzen du Noir Bloomek, inspirazio iturria argia izanik.
Ordenagailuetan ikusiko dugu, oraingoz, Noir Bloom, baina datorren urtera arte itxaron beharko da: 2027an kaleratuko du Honki Gamesek.
Lander Unzueta
Iruzkinak