Metroidvania txiki honetan suhiltzaile baten rola bete beharko dugu. Dead Cells-en arduradunaren azken lana da.

Sébastien Benard garatzaileak Deepnight Games estudioaren izenpean argitaratutako Nuclear Blaze interesgarria ez da PC-an bakarrik geratuko. Sortzaileak jakitera eman duenez, Red Art Games argitaletxe frantsesarekin bat egin du kontsoletako bertsioak prestatzeko: 2023ko apirilaren 28an argitaratuko dituzte PlayStation, Xbox eta Switch kontsoletan.

Bertsio digitalean zein fisikoan helduko da, gainera; kaxa eta jokoa eskuratzeko, PlayStationeko zein Switcheko bertsioak bilatu beharko ditugu, Xboxekoek ezingo baitute fisikoan lortu.

Orain arteko eduki guztiekin kaleratuko da kontsoletan: maiatzean argitaratutako Hold my Beer deitutako eduki gehigarriak kanpaina nagusia berregin eta bestelako erronkak zein ezaugarriak gehitu zizkion bideojokoari.

Metroidvania abentura txikia baina bikaina da Nuclear Blaze. Bertan, suhiltzaile batean bilakatuko gara: gure helburuak sute desberdinak itzaltzea, puzzleak gainditzea eta mapak esploratzea izango dira.

Bideojoko motza izan arren, publiko guztientzat aproposa da; izan ere, zailtasun modalitate desberdinei esker erronka nahi bezala doitzeko aukera izango dugu. Egia esan, Game Erauntsiaren Gamer Geletan sekulako arrakasta izan ohi duen titulua da.

Zergatik eskaintzen dugun Gamer Geletan? Guztiz euskaratutako bideojokoa delako: Josu Igoa zaleak Benarden proposamenari erantzun eta jokoa gure hizkuntzara lokalizatzeari ekin zion iaz. Kontsoletako bertsioak ere euskaraz etorriko direla dirudi: horixe bera irakur daiteke Red Art Gamesen webgune ofizialean.

Benarden izena horren ezaguna ez den arren, bere aurreko lana guztion ahotan egon da orain gutxira arte. Garatzaile frantsesa MotionTwin estudioko Dead Cells bikainaren arduradun nagusietako bat izan zen. 2020an hau utzi ondoren, Deepnight Games sortzeari ekin zion proiektu pertsonalak abiatzeko asmoarekin.

Esan bezala, Nuclear Blaze apirilaren 28an merkaturatuko da kontsoletan. Bitartean, baina, PCan jokatzeko aukera dago: hemen Steam zein Itch.io plataformetako orrialdeak.