RTX 40 serieko txartelen hobetutako bertsioak dira. Hilabete honetan merkaturatuko ditu hiru GPUak.

Nvidiakoek ordenagailuentzako txartel grafikoen gama berria ezagutzera eman dute. Las Vegas hirian abiatu den CES 2024 azoka elektronikoaren aterpean egin dute RTX 40 Super serieko hiru GPUen aurkezpena.

RTX 4080 Super, RTX 4070 Ti Super eta RTX 4070 Super txartelak oinarrizko 40 serieko grafikak hobetzeko asmoarekin datoz. Hala ere, argi dago eguneraketa txikiaren aurrean gaudela: zeremonia handirik gabe aurkeztu dituzte, eta hilabete honetan kaleratuko direla iragarri.

Izan ere, GPUak orain egun batzuk zabaldu ziren sarean, baina arduradunek datu ofizial guztiak zehazteko aprobetxatu dute iragarpenean. Hemen zehaztapen ofizialak, serie bereko GPU originalekin alderatzeko aukerarekin:

  4080 Super 4080 4070 Ti Super 4070 Ti 4070 Super 4070
Prozesadorea AD103 AD103 AD103 AD104 AD104 AD104
CUDA nukleoak 10.240 9.728 8.448 7.680 7.168 5.888
Boost abiadura 2,56 GHz 2,51 GHz 2,61 GHz 2,61 GHz 2,48 GHz 2,48 GHz
Memoria 16 GB 16 GB 16 GB 12 GB 12 GB 12 GB
Memoria interfazea 256 bit 256 bit 256 bit 192 bit 192 bit 192 bit
Memoriaren banda zabalera 736 GB/s 717 GB/s 672 GB/s 557 GB/s 504 GB/s 504 GB/s
Potentzia grafikoa 320 W 320 W 285 W 285 W 220 W 200 W
Prezioa 1.119€ 1.469 € 899 € 999 € 699 € 799 €
Merkaturatze data 2024/01/31 Merkaturatuta 2024/01/24 Merkaturatuta 2024/01/17 Merkaturatuta

Hobekuntzak, baina, paperean baino ez ditugu jaso; egia esan, Nvidiakoek aurreko belaunaldiko txartelekin, hau da, RTX 30 serieko GPUekin, alderatu ditu RTX 40 Super serieko gailuak, hauekiko emango diren errendimendu hobekuntzak nabarmenduz.

Hortaz, beti bezala, argitaratu arte itxaron beharko dugu grafiken benetako errendimendua zer nolakoa den ezagutzeko. Gauza bera gertatzen da prezioarekin: taulakoak Founder’s Edition-ekoak dira, baina saltokietan aurkituko ditugun txartelak MSI, Gigabyte eta bestelako fabrikatzaileek sortutako modeloenak izango dira, garestiagoak.

RTX 50 seriera begira jartzeko unea heldu da, noski. Askok 2024an merkaturatzea espero zuten, baina gaurko iragarpen honekin agian datorren urtera arte itxaron beharko dugula aurreikusi daiteke.

 

Half-Life 2, bermasterizatuta

RTX Remix tresnarekin garatutako bermasterizazio berria aurkezteko aprobetxatu zuten Nvidiakoek. Portal eta beste hainbat joko eguneratu ondoren, Half-Life 2 maisulanaren txanda dator orain: Half-Life 2 RTX prestatzen ari dira. Orbifold Studios taldeak Valve-n tiro joko mitikoaren grafikoak goitik behera eraberrituko ditu: argiztapena, modeloak eta efektuak hobetuko ditu, bideoan ikus daitekeen bezala.

HL2ren remaster honek ez dauka argitaratze datarik; jokatzeko itxaron egin beharko dugu, hortaz.

RTX Remixi dagokionez, urtarrilaren 22an abiatuko dute tresnaren beta irekia publikoarentzat. Honi esker joko klasikoen bermasterizazioak egiteko aukera edukiko du jokalarien komunitateak, baliabideak ordezkatzeko eta hobetzeko erremintekin.