OMOCAT marrazkigileak iaz kaleratutako proiektua da, jokalarien artean balorazio bikainak lortuta.

Nintendok atzo egindako Indie World aurkezpenak garatzaile independenteek sortutako bideo-joko zoragarri mordoa erakusteko balio izan zuen. Izar nagusia, baina, Omori bitxi zein ederra izan zen: kontsola hibridorako iragartzea espero zuten askok, eta bertan baieztatu zuen OMOCAT garatzaileak: 2022ko udaberrian kaleratuko dela iragarri zuten aurkezpenean.

Undertale edota Mother RPG famatuak gogora ekar ditzakeen abentura honetan bi mundu esploratuko dituzte jokalariek: bata koloretsua izango da; bestea, berriz, iluna eta beldurgarria. Mekanika aldetik txandakako JRPG borrokak egongo dira; lau pertsonairen taldea kontrolatu beharko da askotariko izakiak garaitzeko. Horretarako heroi bakoitzaren aldarteak kudeatu beharko dira.

Narratiba eta honek lantzen dituen gaiak dira, halere, Omoriren berezitasunik handiena: depresioa, antsietatea edota suizidioa izango dira jokoak jorratuko dituen gaietako batzuk; obra gogorra da zentzu horretan.

OMOCAT marrazkigileak ia bakarka sortutako jokoa da Omori: ekoizle, garatzaile, zuzendari eta artista lanak hartu ditu proiektua eratzerakoan. Guzti hori lortzeko Kickstarter kanpaina abiarazi zuen 2014. urtean; 203.000 dolarretako finantzaketa lortuta, sei urte eman zituen marrazkigileak jokoaren garapenean.

Iaz estreinatu zen, jatorriz PC-rako jokoa baita: kritika zein jokalarien aldetik sekulako balorazioak lortu zituen abenturak.

Omori 2022ko udaberrian merkaturatuko da Nintendo Switchean.