Azken hilabeteetan Futurama serieko atal desberdinak ikusten egon naiz, betidanik gustatu izan zait eta gogoa neukan atalak berrikusteko. Horrez gain, aurreko urteko irailean Metroid sagaren joko berri bat jarri zen salgai, oso gustoko dudan bideojoko-frankizia bat. Bapatean burutapen bat eduki nuen behin: bi sagek antzekotasun handiak dituzte, eta elkarren arteko crossover bat ondo atera liteke.

Futurama telesaileko protagonista Fry gaztea da. 1999an kriogenizazio-laborategi batean izoztuta gelditzen da, eta 3000 urtean esnatu. Etorkizuneko bizitzara ondo egokitzen da, eta bertan Leela ziklopearen eta Bender errobotaren lagun min egiten da. Logistika-enpresa batean lana topatu, eta unibertsoan zehar bidaiatzen du paketeak planeta desberdinetara eramanez.

Metroid sagak berriz Samus Aran sari-ehiztariaren istorioa kontatzen du. Neska honek espazioko piratei aurre egiten die planeta desberdinetan. Piratek "metroide" izeneko pizti batzuk, itsasoko medusen itxurakoak, erabili nahi dituzte unibertsoa konkistatzeko. Samusen eginbeharra, piraten planak zapuztea eta metroideak suntsitzea da.

Biak zientzia-fikziozkoak dira, eta bietan oso ohikoak dira bidai interplanetarioak. Gainera behin baino gehiagotan ikusi ditugu Futuraman espazioko piratak ere. Artikulu honetan hainbat arrazoi zerrendatzen ditut, bi sagek bat egin dezaketela erakutsiz.

Estralurtarrak

Futuramako unibertsoan hainbat alien espezie daude. Asko zibilizazio aurreratuetan bizi dira eta adimen handikoak dira, fauna eta flora bereziak topatu ditzakegu, Lurrera emigratu dutenak ere badira bizitza berri baten bila,... Adibide bezala, Omicron Persei 8 planetan zibilizazio tiranikoa dugu, Decapod 10 planetan krustazeo adimentsuak, eta Vergon 6n unibertsoko arraza zaharrena bizi da.

Metroiden ere egoera berdina dugu. Zibilizazio aurreratuak, fauna eta flora berezia, eta abar. Alien arraza garrantzitsuena chozotarrena da, hegazti-itxurako zibilizazio adimentsu enigmatikoa, hainbat planetatan topatu ditzakegu hauen arrastoak. Horrez gain, eter planetan (Metroid Prime 2: Echoes) matxinsalto itxurako Luminariarrak bizi dira, Bryyon (Metroid Prime 3: Corruption) ere zibilizazio aurreratu bat bizi da, SR388n (Metroid II: Return of Samus / Metroid: Samus Returns) fauna oso primitiboa,...

Ez litzateke harritzekoa izango Futuramako unibertsoan metroideak egotea. 2 metrotako bakteriak agertzen badira, edozer gauza da posible.

 

Giza-koloniak

Metroiden badakigu gizakia unibertsoan zehar dispertsatuta dagoela hainbat planetatan. Istorioaren arabera, Samus umea zela espazioko piratek bera bizi zen kolonia suntsitu zuten, bizirautea lortu zuen bakarra bera izanik. Lurraz gain gizakiaren presentzia planeta desberdinetan topatu dezakegu.

Futuraman ere gizakia nonnahi dago unibertsoan. Martitzen adibidez gizaki asko bizi dira aspaldi (bertako arraza autoktonoa planetatik botaz edo marginatuz), Osiris 4n ere gizakiak daude, baita Amazonia eta Vinci planetetan ere.

Errobotak

Futuraman errobot adimentsuek presentzia handia dute. Izaki bizidunekin batera egiten dute bizitza normala: aktoreak dira, apaizak, medikuak, mafiosoak,... Horietako bat Bender da, lanbidez tolestzailea, baina lanetik kanpo lapur parrandazalea.

Metroiden ere badira errobot adimentsuak, nahiz eta hauen presentzia oso ohikoa ez izan. Ghor errobota sari-ehiztaria da baita, Elisia planetan errobotak bakarrik bizi dira (Metroid Prime 3: Corruption), eta BSL geltoki espazialean Ametsgaizto (Nightmare) errobot zaindaria dugu (Metroid Fusion / Other M).

Espazioko polizia eta planeten batasuna

Politika ere ez da bi frankizietan falta. Bietan dugu Nazio Batuen Erakundearen antzeko organismo bat, baina espazioko zibilizazio desberdinen artean sortua. Metroiden Federazio Galaktikoa (Galactic Federation) izena jasotzen du, Futuraman berriz Planeten Orden Demokratikoa (DOOP, Democratic Order Of Planets). Izen desberdinak, baina funtzio berdina.

Erakunde hauek ere badituzte beren indar armatuak. Metroiden Adam Malkovich dugu buruetako bat, Samusen sarjentu-ohia. Futuraman berriz, Zapp Branigan kapitaina. Kasualitatez biak kriston matxistak dira, eta hauen tripulazioak oso arduragabeak. Crossoverrean biak erakunde berean ikus genitzake.

Samusek ia joko guztietan erakutsi du izaera indartsuko emakumea dela; salbuespen bakarra Metroid Other M jokoa da (ahal baduzue ekiditu joko hau). Futuraman, Leelak ere antzeko izaera dauka, biek batera bikote aparta egin zezaketen aurreko paragrafoan aipatutako bi tipoei merezi duten erantzuna emateko jazartzen dituzten bakoitzean.

Antagonista nagusiak

Metroideko antagonista “hilezkorra” Ridley da, lisker hegodun erraldoia eta espazioko piraten burua. Samusek ia beti borrokatu behar du bere aurka. Sagako beste antagonista esanguratsuena Ama Garun da (Mother Brain), burmuin erraldoi honek telepatikoki kontrolatu ditzake metroideak; bere statusa Ridleyren gainetik dago.

Futuramako antagonista nagusia “Amatxo” (Mom) ezizenarekin da ezaguna. Emakume zahar hau lurreko aberatsena da, oso pertsona maltzurra, eta lurra konkistatu nahi du nola edo hala. Futuraman badira beste antagonista garrantzitsu batzuk, gutxitan agertu izan direnak baina istorioan garrantzi handia dutenak: garun erraldoiak. Garun hauek izaki bizidunak ergel bihurtzeko gai dira jaurtitzen dituzten uhinei esker, ondorioz unibertsoko hainbat planeta eta zibilizazioren suntsipenaren erantzule dira.

Istorioaren planteamendua

Ondo legoke jokoan Amatxok eta garunek beren indarrak batzea, garunen burua eta Amatxo fusionatuz, “Amatxo Garun” (Mom Brain) sortzeko. Izaki berri hau metroideak kontrolatzeko gai izan beharko litzateke, eta espazioko piratek beretzat lan egin zezaketen unibertsoa konkistatzeko helburuz. Ondorioz Fry, Leela eta Benderrek Samusekin bat egin beharko lukete unibertsoa salbatzeko.

Jolasteko era

Nire ustetan Futuramako protagonistek Samusen antzeko jantzia eduki zezaketen, bakoitzak bere habileziakin, eta momentuaren arabera pertsonai egokiena aukeratuz.

Abenturaren kokapenerako 3 aukera bururatzen zaizkit:

1) Planeta bakarra, Omicron Persei 8 adibidez:

Futuraman arazo asko ematen dituzte omicrondarrek, eta beraiek ezaguta, ez zen harritzekoa izango hauek Amatxorekin bat egitea. Beraien jatorrizko planeta leku egokiena litzateke, metroidvania tradizional bat eginez. Planteamendu honetan 4 pertsonai desberdinekin alternatu beharko litzateke, une honetan ez zait burura etortzen hainbat pertsonairen artean elkar eragiten duen metroidvania onik, ez nago ziur hau ondo aterako ote litzatekeen.

2) 5 planeta desberdin:

Metroid Prime 3: Corruption jokoan, Samusek planeta desberdinak bisitatzen ditu bakarraren ordez. Futuramako 2 hartu zitzaketen, eta Metroideko beste bi. Planeta bakoitzean pertsonai zehatz bat kontrolatu liteke, eta 5. planetan, bukaerako fasean, jokalariari aukera eman nahi duena kontrolatzeko.

3) Hainbat planeta desberdin:

Buruan dudan beste aukera bat da, eta nire ustetan joko on bat aurrera ateratzeko egokiena. Futuramako 4 planeta egon zitezkeen, Metroideko beste 4, eta Nintendoren frankizietan oinarritutako beste 4.

Formula honetan planetek esplorazio gutxi izango lukete, baina arrazoiak emango zituzten nahi dugunean itzultzeko. Kapitulo estiloko jokoa egingo nuke, 1. kapituluan A planetan Fry bezala jolastuz, 2. kapituluan B planetan Samus bezala jolastuz,... Behin kapituluak amaitu dugula, planeta batera itzuli nahi badugu, nahi dugun pertsonaiarekin ibil gintezke atzean utzi ditugun elementu berrien bila.

Kanonikoak izan beharko lirateke?

Hori garatzaileen esku utziko genuke. Beraiek erabaki dezatela saga hauetarako egokia den hala ez.

Bukaerako oharra

Hemen kontatu dizuedana nire burutik pasa diren ideia bat da. Nintendo eta Fox horrelako proiektu batean lanean ari badira, artikulu honen existentzia kasualitate hutsa da.